Alderantzizko formatuan egingo dute kontakizuna

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 11a, 10:19

Iazko abenduan Kulturaten egindako saioa, Vanessa Gonzalez eta Maider Alzelai ipuin kontalariekin. Argazkia: Ekin Emakumeak.

Euskaratik mundura eta mundutik euskarara ipuin musikatuak egingo dituzte gaur, egubakoitza, Kulturateko areto nagusian, 18:00etan. Euskaldun batek Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan duen esperientzian oinarrituko da kontakizun musikatua.

Duela lau urte hasi ziren proiektu honekin Ekin Emakumeak Elkartea, Udal Biblioteka eta Udaleko Aniztasun Saila elkarlanean, herriko kultura eta hizkuntza aniztasunari "balioa eman" eta hura "ikusgarriago" egiteko. "Konturatu ginen Arrasaten geroz eta hizkuntza gehiago entzuten zirela eta erabaki genuen hizkuntza horiei guztiei aitortza egitea, herritarrek eta, batez ere, umeek ikusteko euren ikaskide eta lagunek beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituztela. Hizkuntza horiek ezagutzeaz gain, balioa eman behar zaiela ikusi behar dute umeek", azaldu du Ekin Emakumeak Elkarteko eragile Jasone Giraldok.

Saioaren dinamikari dagokionez, atzerriko pertsona batek bere jatorrizko hizkuntzan kontatzen ditu ipuinak, jatorrizko herrialdearekin loturikoak, eta ondoren, hemengo ipuin kontalariak euskaratzen ditu, hemengo umeek uler dezaten.

Giraldok azaldu duenez, lehenengo ipuina Mendebaldeko Saharako emakume batek kontatu zuen eta, ordutik, mundu osoko ipuinak entzun ahal izan dituzte ekimen horren baitan: Nepal, Maroko, Pakistan, Venezuela, Mexiko, Nikaragua, Senegal, Kongo, Alemania, Brasil...

Urteko bigarrena eta azkena

Azken urteotan, bi hilabetean behin egin izan dituzte saiook. Aurten, hala ere, saio bakarra egin ahal izan dute, otsailekoa, pandemiagatik. "Hau, beraz, urteari nolabaiteko amaiera emateko saioa izango da, eta datorren urtean ikusiko dugu nola abiatuko dugun berriro ekimena", dio Giraldok.

Euskaldun bat atzerrian

Urteko azken saio horretan, "kultura aniztasunean gehiago sakontzearren", alderantziz egitea erabaki dute. "Hau da, atzerritik gure herrira etorritako baten istorioa izan beharrean, Ameriketako Estatu Batuetara joaten den euskaldun bati buruzko istorioa izango da. Hala, euskaldun horrek atzerritar moduan bizi duen esperientzia kontatuko du ipuinak". Ttak taldeak sortu du ipuina eta Oihan Loitik egingo du kontakizuna. Horrez gain, Garazi Barrenaren gitarra doinuekin lagunduta egongo da saioa.

5 urtetik gorakoentzako saioa

Edukiera mugatuta egongo da saioan eta momentuan bertan kontrolatuko dute sarrera. "Alde batetik, adina hartuko dugu kontuan, 5 urtetik gorakoak lehenetsiz. Horrez gain, ume guztiek maskara jarrita eduki beharko dute, sarreran eskuak garbituko dituzte eta distantzia mantenduz eseriko dira", nabarmendu du Giraldok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak