Ospitale ondoko orubea, zimendatzetik gertuago

Hasier Larrea 2020ko abe. 11a, 06:00

Zerrajera D eta F lursailetako indusketa-lanak.

2020ko azken hilabeteetan putzuko ura ateratzen ibili ostean, lehen zimendatze-lanei ekin diete Moyua Eraikuntzako langileek; Visesa sozietate publikoak babes ofizialeko 184 etxebizitza eta 199 garaje eraikiko ditu bertan, "hiru urte barru" entregatzeko

Zerrajera zaharreko D eta F partzeletan etxebizitzak egiteko proiektua aurrera doa pixkanaka. Iraganean instalazio industrialak barne hartu zituen lursail horrek, eta, Eusko Jaurlaritzak bertan egindako ikerketaren arabera, potentzialki ekintza kutsakorrak jasan izan dituen lurren zerrendan sailkatu zuten teknikariek. Partzela kutsatuta zegoen, beraz, eta, arazo hori konpontzeko, 2009an Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Arloko Sailak indusketa-lanak egin zituen bertan.

Hala ere, amaitu gabe gelditu ziren partzeletako ezpondek zeuzkaten lur zatiak apartatzeko eta hondora zeraman aldapa kentzeko lanak; hala, zuloa putzu bilakatu zen denboraren poderioz, eta orubea landare eta animalien bizitoki bihurtu.

11 urteren ostean berrekin diete lan horiei, Jaurlaritzak, Udalak eta Visesak –Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen babes publikoko etxebizitzak sustatzeko sozietate publikoa– orubearen gaineko akordio bateratua eginda. Hori horrela, Carlos Quindos Visesako zuzendari orokorrak maiatzaren 25ean esleitu zizkion Moyua Eraikuntzak enpresari urbanizazio berria eraikitzeko lanak.

Gune horretan 63 etxebizitza jarriko dira salgai; horiek entregatzeko epea 2023ko udazkenean dago aurreikusita. Gainontzeko 121 etxebizitzak alokairuan jarriko ditu Alokabide elkarte publikoak; etxebizitza horiek zozketa publikoan banatuak izan ziren azaroaren hasieran. Bestalde, 199 garaje ere egingo dira, guztiak solairu bakarrean.

Hondeamakinak, "laster"

Urria ezkero daramate Moyua Eraikuntzak enpresako langileek 2009an bertan behera utzitako lursailaren gaineko moldakuntzak aurrera eramaten. Indusketa-plan bat jarri dute abian horretarako, baimenak Ingurumen Sailaren aurrean tramitatu ostean. Orain, araudiak ezartzen dituen gainbegiratuak eta lagin bilketa egiten ari dira. Visesak emandako informazioak dio "partzelako ur-kopuru gehiena" atera dutela eta zimendatzeko "lehen lanekin" hasi direla dagoeneko. Eraikinaren oinarriak jartzeko lan espezifikoak gauzatzen jarriko dira jarraian: "Urte amaierarako, makineria astuna ikusiko dugu ospitale atzeko orubean".

Bestalde, indusketek zimendatze-lanetan eraginik ekarriko duten galdetuta, sozietate publikotik ziurtatu dute "ezetz", obra gauzatzeko planak "bere horretan, aldaketarik jasan gabe", dirauela argudiatuta.

Arrainak eta karramarroak

Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek putzuan animalia ez-autoktonoak hazi zirela frogatu zuten duela aste batzuk. Arrain eta karramarro espezieak ziren, besteak beste, eta errekara ez botatzeko agindua eman zuten teknikariek. Animalia gehienak ahateek jan dituztela uste dute Visesako arduradunek, eta obra garatzen joaten diren heinean ahateek ere orubetik alde egingo dutelakoan daude.

Proiektua, 2007a ezkero geldi

Hamar urtez blokeatuta egon zen lursailaren gaineko konponbidea, hiru aldeek 2017ko azaroan adostasuna sinatu zuten arte. Cristina Alonso Visesako komunikazio arduradunak orduko Udalari egozten dio soluzioa hamarkada batez aurkitu ez izana: "Udalak, hasiera batean, alokairurako bakarrik jarri nahi zituen etxeak, eta planteamendu hori Arrasaten zegoen eskariarekin bateraezina zen". Asmo hori 2007an Arrasateko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako hitzarmenean zehaztutako oinarrietatik "urrun" zegoela gehitu du Alonsok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak