Jokin Etxebarriak eta Olatz Zuazubiskarrek gidatu dute Euskaraldiko bigarren edizioa ixteko ekitaldia. Leire Etxezarreta arrasatearrak eman dio hasiera horri, Mendian gora haritza abestuz. Jarraian egin dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak Arrasaten emandakoaren errepasoa; bigarren edizioaren hastapenak ekarri dituzte gogora, eta azken egunetan ariketan parte hartu duten herritarrak eta entitateetako ordezkariak ere erakutsi dituzte bideo bidez.
Euskara bizirik matentzeak duen garrantziaz ere aritu dira hizketan, eta Euskaraldia amaitu arren, aurrerantzean ere euskaraz aritzeko ohiturari "eutsi" behar zaiola azaldu dute Etxebarriak eta Zuazubiskarrek: "Gaurtik aurrera ere gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritu behar gara euskaraz".
Arrasaten, 3.472 parte-hartzaile
Datuak emateko ere baliatu dute hitzordua. Hain zuzen, adierazi dute 3.472 herritarrek hartu dutela parte ariketan, eta horietako %21ek aukeratu dutela belarriprest rola.
Horrez gain, 798 izen-emate berriak izan dira; Euskaraldiko lehen edizioan parte hartu ez zutenak. 550 arigunetik gora ere sortu dituzte, gainera.