Aitor Furundarena: "Egokiago deritzogu jaialdirik ez egiteari"

Karmele Uribesalgo 2020ko abe. 4a, 13:48
Argazkia: Mito

Aurten ez da Arrasateko Akordeoi Lehiaketarik egingo, pandemia dela eta. Dena den, parte hartzaileek aukera izango dute bideoak grabatu eta ikusgai jartzeko.

Asteburu honetan Arrasateko Akordeoi Lehiaketak ziren egitekoak, baina COVID-19aren pandemia dela-eta bertan behera gelditu dira. Jaialdi horri esker, nazioarteko lehiaketa bat izaten da Arrasaten, eta Gipuzkoako lehiaketa zein Gipuzkoako jaialdia ere izaten dituzte. Ekitaldi horren antolatzaileetako bat da Aitor Furundarena, Hauspoz Elkarteko lehendakaria.

Pandemia dela eta, Arrasateko Akordeoi Lehiaketak bertan behera uztea erabaki duzue.

Guk antolatzen dugun jaialdiarekin, Arrasaten jende pila bat batzen da; bai parte hartzaileak, baita ikusleak ere. Hori orain ezin da. Gainera, parte hartzaile batzuk oso urrutitik etortzen dira, baina arauek eta ardurak diote hori ez dagoela egiterik.

Zer dakar jaialdia bertan behera utzi beharrak?

Jaialdiari distira ematen diona nazioarteko lehiaketa da, eta aurten ez dugu horrelakorik izango Arrasaten. Hala ere, gure filosofiaren oinarria lehiaketa baino gehiago, jaialdia da, irakaskuntza baitugu lema bezala. Arrasaten egin ohi den jaialdia ikasle askorentzat akordeoia praktikatzeko aitzakia moduko bat da; xede bat, finean. Jaialdirik antolatu gabe, erronka hori gabe gelditzen dira ikasleak.

Aztertu duzue jaialdia beste modu batera egitea?

Saiakera guztiak egin ditugu aurten ere lehiaketa antolatzeko, eta beste aukera batzuk ere izan ditugu buruan. Gehienbat, online egitearen ideia aztertu dugu, baina nahiko azkar baztertu genuen, uste baitugu egitekotan modu presentzialean egin behar dela. Izan ere, era telematikoan eginda, desberdintasun handia egon daiteke lehiakideen artean, nork bere baliabideak ditu eta. Beste toki batzuetan egin dira lehiaketak, baina niri ez zait egokia iruditzen. Suposatzen da maila horretako musikari batek soinua zaintzen duela, eta grabatzean mugatu egiten da hori. Ez zitzaigun serioa iruditzen, eta egokiago deritzogu jaialdirik ez egiteari.

Gipuzkoako jaialdiaren kasuan, bilatu duzue alternatiba bat, ez?

Planteamendu ez-lehiakorra duen ekimen bat jarri dugu martxan, baina, era berean, eraikitzailea da. Jende asko zegoen aurtengo ediziorako izena emanda; 300 lagunetik gertu. Jaialdian parte hartu behar zuten guztiek aukera izango dute bideo bat bidaltzeko. Bideo horiek parte hartuko duten guztientzat ikusgarri egongo dira, emanaldi bat balitz bezala. Horrez gain, epaimahai batek onenak aukeratuko ditu, eta edonork ikusteko moduan jarriko ditugu. Iruditzen zaigu erronka horrek baduela nahikoa pisu ikasleak animatzeko eta motibatzeko.

Gipuzkoako lehiaketan parte hartzen dutenek izango dute antzeko aukeraren bat?

Horiekin ere egingo dugu bideoena, eta epaimahaiak onenak aukeratuko ditu. Kasu horretan, saria izango da kontzertu bat eskaintzea streaming bidez.

Musikarientzat Arrasateko jaialdia erakusleiho bat da, eta hori ere galtzen da.

Momentu honetan, mundua geldituta dago, eta erakusleihoek zentzu pixka bat galdu dutela uste dut. Izan ere, denda bat baldin badaukazu, bere erakusleihoarekin, baina denda itxita baldin badago, zertarako balio du erakusleihoak? Gure kasuan, emanaldien aldetik, ia guztia geldituta dago, eta ez daukagu apenas aukerarik gure lanak erakusteko. Gauzak horrela, galera bat da Arrasateko jaialdia ez egitea, baina ez du beste urte batean izango lukeen eraginik izango.

Etorkizunera begira, zer?

Ezjakintasuna da nagusi, baina, segur aski, epe ertainean irabazten aterako gara aurtengo jaialdia ez eginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak