Mondra, una temporada y tres futbolistas liburua argitaratu dute Josemari Velez de Mendizabal historialariak eta Jose Ignazio Zaitegi Mondrako jokalari ohi eta argazkilariak. Arrasatetik ateratako futbolaririk "ospetsu eta txalotuenak" ez izanagatik, Jon Sagastari, Javier Larrauriri eta Jesus Aranbarriri “justizia txiki bat” egin nahi izan diote, "oroitzapenetan baino, datuetan" oinarritutakoa.
Velez de Mendizabalen esanetan, "urte esanguratsu baten deskribapena aurkituko du irakurleak liburuan, baita gerora profesionalak bilakatu ziren hiru jokalari gazteren kirol-ibilbidearen inguruko nondik norakoa ere".
Mondra, Eibarren eta Alavesen pare
1965/66 denboraldian bat egin zuten Jon Sagastak, Javier Larraurik eta Jesus Aranbarrik orduko JD Mondragon taldean. Zuri-moreek hirugarren mailan jokatzen zuten, Alaves, Eibar eta Logroñes taldeak Iturripeko berdegunean jasotzen zituztelarik. Hain justu hiru talde horiek bakarrik izan ziren gai denboraldia amaitu zenean Mondraren aurretik sailkatzeko.
Izan ere, Mondratik pasa ostean profesional bilakatu ziren, lehen eta bigarren mailetako talde ugaritan. Mondraren kolorea eta izena ahaztu gabe ibili ziren.
Hiru protagonista, hiru ibilbide
Arrasatek emandako "futbolaririk onenetakoek" profesional mailan jokatzea lortu zuten 60ko eta 70eko hamarkadatan. Aranbarrik eta Sagastak Realean egin zituzten zenbait denboraldi, eta Larrauri, berriz, Real Madrilek fitxatu zuen. "Bera izan da, Francisco Armengourekin batera, talde merengean jokatu duen arrasatear bakarra", adierazi dute bi egileek. Hala eta guztiz ere, klub merengean ez omen zuen zorte handiegirik izan, Velazquezen postu berean jokatzen baitzuen: "Horren ondorioz taldez talde aritu zen utzita, tartean Osasunan, Cadizen eta Cultural Leonesan".
Jesus Aranbarrik 1967an Realarekin debutatu zuenean, gainera, lehen mailara igotzeko gola sartu zuen, Puertollanoko Calvo Sotelo taldearen aurka. Aurrelariak beste bost denboraldi egin zituen talde txuri-urdinean, eta Deportivo Alavesera joan zen ondoren. Babazorroei hirugarren mailatik bigarren mailara igotzen lagundu zien.
Jon Sagasta Sansek fitxatu 1966ko udan, eta 1967ko abuztuan txuri-urdinen lehen taldera egin zuen salto. Eskuin hegaleko jokalaria zen, "fisikoki oso sendoa izan ez arren, lanerako adeitsua".
Hiru hilabeteko lana
Egileek adierazi bezala, "dokumentazio samurra izan da, gure lagunak zirelako hirurak, beraz, ondo oroitzen gara gertaerez". Kontaketari sinesgarritasun osoa emate aldera, interneteko hemerotekan aurkitutako informazioarekin osatu dute liburua, martxotik ekainera bitartean.
Liburua hiru dendatan egongo da salgai: Txukunen, Donde Jonen eta Biteriko kioskoan. Tabernak zabaltzen dituztenean Taupan, Ziorlan eta Monten ere jarri asmo dute egileek.
Abenduaren 17an liburuaren inguruko mahai ingurua antolatu nahi dute Zaitegik eta Velez de Mendizabalek, baina zaila ikusten dute, “Larrauri Leonetik etorri beharko litzakeelako”.