Josu Arkauz: "Azkena etxean egon arte ez naiz guztiz aske sentituko"

Hasier Larrea 2020ko abe. 9a, 09:00

Josu Arkauz, bere senideekin, kartzelatik irten berri.

Azaroaren 23an utzi zuten aske arrasatearra, 29 urte, 8 hilabete eta 4 egun kartzelan egin ostean. Frantziako eta Espainiako 14 espetxetatik pasa da guztira. Etorkizuna "itxaropenez" ikusten du Arkauzek, eta gaur egungo testuinguru politikoak "atentzioa eta ilusioa" pizten dizkio.

Lehenik eta behin, zer moduz zaude? Ze sentsazio eduki dituzu espetxetik irten eta jaioterrira itzultzean?
Ondo nago. Ia 30 urteetan askatasun egarriz egon eta egarri hori asetzen ari den pertsona baten sentsazioaz. Aske egotean sentimendu asko piztu zaizkit: semeekin egon, bikotearekin, amarekin, anai arrebekin, aspaldi ikusi gabeko lagunekin. Honi gehitzen badiozu herriaren arnasa berriki sentitzea, uste dut ederki marrazten duela bizitzen ari naizen sentsazio multzoa.

Ia 30 urte eta 14 espetxe ezberdin. Zer izan da horretan guztian gogorrena?
Sentsazio txarrenak, dudarik gabe, kolektiboki espetxeetan gurekiko izandako joera maltzur eta gaiztoak izan dira. Barnean egonik, kanpoko jendearen sustengua jasotzean, espetxeko paretek izugarrizko muga fisikoa sortzen dute, eta horrek ezintasun sentimendua eragiten du. Are gehiago, jakinda kanpotik zetorkidan berotasun horren neurriko erantzunik emateko gai ez nintzela.

Eta, txarraren barruan, zerbait onik bada?
Izan dira momentu onak, bai. Nire gertukoek eskaini didaten elkartasuna, laguntasuna eta babesa, zentzu zabalean,  espetxean bizirauteko ezinbestekoak izan zaizkit.

Nola jarraitu eta bizi izan duzu euskal gizarteak 30 urte hauetan izan duen bilakaera?
Bi puntu azpimarratuko nituzke: lehenik eta behin, ingurumena zeharo aldatu dela; gure herriko bazterrak hondatu dituzten hainbat proiektu arkitektoniko merkantilista hauek ikusteak erabat kolpatu nau. Hala ere, badira ezagutzen ez nituen eta interesgarriak iruditzen zaizkidan hainbat kontu, herrietako bizitza hobetzeko landuak izan diren azpiegiturak, besteak beste.

Bigarrenik, eta ikuspegi soziologiko batetik, nabarmenak izan dira gure herrian emandako aldaketak. Batzuk inpultso politiko berriaren ondorioz, besteak teknologia berriek zabaldu diguten testuinguruaren baitakoak. Guzti horren ideia abstraktuak banituen espetxean eta orain kalean naizenez, parada aproposa dut horietaz gozatu eta sufritzeko.

Independentziaren auzian zerbait aurreratu dela uste duzu?
Ziklo berriak, ezagutzen ez genituen ate berriak zabaldu dizkigu. Horrek ez gaitu bereziki burujabetzaren atarian ipintzen baina mekanismo berriak gehitu dizkiogu gure borroka historikoaren bideari. Orain guri dagokigu behar den indarrez jardutea, hain desiratuak
ditugun helburu politikoak erdiesteko.

Ze iritzi duzu espainiar eta frantziar estatuak izaten ari diren jarrerarekiko? Aurrerapausorik ikusten al duzu?

Jarrera ezaguna da, bi estatuek estrategia berdina konpartitzen dute gurekiko. Ezin dezakegu espero mesederik egingo digutenik, jakinik gurekiko daramaten tresna politiko nagusia mendekua dela. Azpimarratzekoa da ezker abertzaleak euskal gizartearekin batera egiten ari den lana, presoen auzia ahalik eta bizkorren eta hobekien konpontzeko. Gatazka politiko gogorraren ondorioez ari gara, Euskal Herriak zentzuzko konponbide integrala beharko luke eta eman beharreko pausoak gizartearen esku daude.

Etorkizunari nola begiratzen diozu?
 Itxaropentsu. Politikoki gaur egungo testuinguruak atentzioa eta ilusioa pizten didate. Inpultso politiko berri honi, nire neurrian, behar den laguntza emateko prest egongo naiz, euskal gizartearekin batera.

Zer da orain egin nahi duzuna?

Lehenik eta behin, arlo pertsonalean burua egokitu beharko dut zirkunstantzia berrietara. Bizitza osoa erbestean eta espetxean militantzian eman ondotik, egungo egoerak eskaintzen didan guztia gozatzeko unea dut orain.

Ezer gehitu nahiko zenuke?
Urte luze hauetan elkartasuna adierazi didaten guztiei eskerrak eman nahi nizkieke. Laztan bat zuzendu zenbait bihotz zabali eta bereziki nire oroitzapen sentikorrena bidean geratu diren lagun maite eta haien senideei. Bukatzeko burutik kendu ezin ditudan espetxean utzitako kideei indarra bidali nahi diet. Azkena etxean egon arte ez naiz guztiz aske sentituko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak