La sombra de Gibola misteriozko bigarren eleberria argitaratu berri du Ane Odriozolak, El secreto de Gibola-ren bigarren zatia. Espero gabeko arrakastaren aparretan dabil legazpiarra aspalditxo igerian.
Amari promes bat egin zenion, eta baita bete ere.
Bai, noski! Lehenengo eleberria amari opari bat egiteko idatzi nuen, eta, bide batez, neure buruari gai naizela erakusteko. Kaleratu zenean, arrakasta eduki zuen, eta, ondorioz, bigarren bat idatzi dut. Hiru astean hiru edizio kaleratu dira.
Zer kontatzen du lehen eleberriak?
El secreto de Gibola bi denboratan kontatuta dago, lehen istorioa 2010ean eta bigarrena 100 urte atzerago. Lehenengoan, Nerea izeneko donostiar bat Legazpin bere aitonaren izenean baserri bat dagoela konturatzen da, eta, jakin-minak bultzatuta, ikertzen hasten da. Bigarren istorioak aitonaren eta haren familiaren benetako pasarteak kontatzen ditu. Amaieran, irakurlea ohartzen da ea Nereak uste duena egia den ala ez.
Eta bigarren eleberriak?
La sombra de Gibola-n, aitonaren familiaren istorioa hartu eta 25 urteko saltoa ematen dut; 50eko hamarkadako Donostian kokatzen da, beraz.
Lehena irakurri behar al da bigarrena irakurtzeko?
Ez dago zertan; idazteko orduan ez zen hori nire intentzioa, baina gomendatzen dut aurrenekoa irakurtzea, pertsonaiek bizi dutena barneratu eta bigarrenean hobeto kokatzeko.
Espero zenuen lehen eleberriak halako arrakasta izatea?
Ezta pentsatu ere! Harrigarria da dagoeneko bosgarren edizioa kaleratu izana. Bigarren eleberria publikatzeak ere lagundu du horretan, eskaerak igo egin baitira ordutik.
Non eskura daitezke liburuok?
Arrasaten, Donde Jon eta Elkar dendetan erosi daitezke, eta Durangoko Azoka birtualean ere eskuratu ahal izango dira.
Biak Circulo Rojo argitaletxearekin plazaratu dituzu.
Bai; autoekoizpenerako argitaletxe bikaina iruditzen zait. Oso gustura aritu naiz beraiekin, azken lan honetan, bereziki, erraz eta bizkor moldatu bainaiz, aurretiko esperientzia lagun.
Saria eman dizute, gainera.
Bai; argitaletxeak sari banaketak egiten ditu urtero, eta El secreto de Gibola-k misteriozko eleberririk onenaren saria jaso zuen iaz. Amaia Albesen soineko dotorea jantzita agertu nintzen galan.
Norentzat idazten duzu?
Irakurtzeko ohitura handirik ez dutenengan pentsatu dut idaztean. Samurrak dira biak; deskribapenetara baino gehiago, mamira jotzen dute zuzenean.
Zoriondu al zaitu jendeak?
Loreak eta guzti ekarri dizkidate lantokira. Esker oneko hitz asko jaso ditut, eta horregatik bakarrik merezi du idaztea.
Egongo da hirugarren zatirik, beraz?
Bai; bigarrenaren aurkezpenekin amaitzean berrekingo diot.