Xanti Korkostegi (aktorea): "Gazteak antzokietara joateko lan aproposa da"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko aza. 20a, 09:31
Xanti Korkostegi da musikaleko protagonista nagusi Juan Martin. Argazkia: Demode Quartet.

Euskara maila hobetzeko asmoarekin baserri batera uda igarotzera joango den Juan Martin donostiarraren bizipenak kontatzen ditu Kutsidazu bidea, Ixabel musikalak.

Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratu zuen liburuak askorako eman du; izen bereko antzezlana, filma eta telesaila egin zituzten, eta orain, Demode Quartet Produkzioak-ek antzokietara eraman du istorio berean oinarritutako musikala. Amaia antzokian domekan, 19:00etan, eskainiko dute. Arrasate.eus atarian eskura daitezke sarrerak, 15 eurotan.

Gustura ari zara musikalean?

Oso pozik! Sekulako aukera da! Goa!zen-en nire pertsonaiak abestu baino dantzatu egiten du gehiago, eta lan honekin Demode Quartet-ekoekin batera abes-teko bidea izatea itzela da!

Zelan izan zen proposamena?

Udan aurkeztu zidaten proiektua. Aktoreen taldea aukeratuta zegoen, baina, protagonista izan behar zenak ezin zuela parte hartu esan zuenean, elkarrizketa egiteko deitu zidaten, eta egun pare batera taldean nengoela adierazi zidaten. Oso pozik!

Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratu zuen liburua du oinarri, baina osagai berriekin. Zelakoa da?

Liburuko kontakizuna da, baina hainbat eszena eta gag sortu ditugu, sinisten ditugun balioak azpimarratzeko asmoz. Adibidez: emakume helduen xarma eta interesa aldarrikatzen du Amets txarra abestiak; integrazioari buruz hitz egiten dugu Kaktus eta Zezena pertsonaiekin, eta bullying-a jorratzen dugu golden-sagarrek errege-sagar batekin duten harremana erakustean.

XANTI KORKOSTEGI: "BIZI IZAN DITUT HALAKO ISTORIOAK OÑATIKO FAMILIA BISITATZERA JOAN IZAN NAIZENEAN"

Aurrez ezagutzen zenuen istorioa?

Aitortu behar dut liburua ez dudala irakurrita, baina gogoan dut orain dela urte batzuk filma ikusi genuela eskolan, eta harrituta geratu nintzela. Oso komedia ona eta euskaldunen umorearekin oso ondo lotua dagoela iruditu zitzaidan. Edonork bizi izan dituen gertaerak jasotzen ditu. Adibidez, ni donostiarra naiz, nire aitak esaten duen moduan kalekumea, eta Oñatira familiarengana baserrira joaten naizenean halako istorioak sarritan bizi izan ditut.

Aita oñatiarra duzu; baduzu Oñatira joateko ohiturarik?

Azkenaldian, askorik ez, lana eta pandemia dela eta, baina oso gustuko dut baserrira joatea.

Zelan sentitzen zara Juan Martin euskaldun berria antzezten?

Oso ondo; egia esan, laguntza handia izan dut. Goa!zen-en ezagutu nituen Ainhoa Aierbe, Karlos Nguema eta Maria Redondo taldean izateak babes handia eman dit, eta Patxi Barco zuzendariak duen lan egiteko modua asko gustatzen zait.

Zeini gomendatuko zenioke?

Publiko guztiarentzako da, baina, bereziki, gazteei gomendatuko nieke; obra aproposa dela uste dut antzokietara joateko ohitura hartzeko. Dinamikoa da, oso samur ikusten dena.

Kutsidazu bidea, Ixabel! musikaleko talde artistikoa. Argazkia: Demode Quartet.

Goa!zen 7.0 estreinatuko du gaur ETBk, eta, berriz ere, Igor zara. Zer izan da zuretako telesail hori?

Sekulako masterra! Denetik eta asko ikasi dugu: telebistan dagoen lan erritmo frenetikoa, jendaurrean nola portatu... Telebistaz gain, antzerki bira egin genuen, bi hilabetean 40 bolo. Goa!zen euskal aktore gazteentzako eskola on bat dela uste dut, garai batean Goenkale izan zen moduan.

Kapitulu berriei buruz ezer aurreratzerik baduzu?

Trama polita dauka denboraldi berriak. Ezin dut askorik kontatu, baina aurreratuko dut beste Igor bat dela, eta aurtengo udalekura beste pertsona baten bitartez helduko dela... Asko poztu nintzen telesailean jarrai-tuko nuela esan zidatenean.

Kazetaritzarekin lotutako ikasketak egiten ari zara. Zer moduz?

Nire ametsa aktorea izatea da, baina aitak badaezpada B plan bat izateko esaten dit, eta hala ari naiz, gustura, Deustun.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak