Enplegu publikoaren gaineko epaiketa, Enpresa Batzordearen alde

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 19a, 16:21

Enpresa Batzordeko kideak pankartarekin izan ziren osoko bilkuren aretoan.

ELAk aditzera eman duenez, "enplegu publikoarekiko irizpide orokorrekin zerikusia duten edukiak langileen ordezkariekin derrigorrez negoziatu behar ditu Udalak". Honela, azaldu dute Langileen ordezkariek epaiketa irabazi diotela Arrasateko Udalari, 2019ko udalaren lan deialdi publikoa "legezkoa" ez zelako salaketa jarri ostean.

200dik gora udal langileren lan eskubideak defendatzen dituen Arrasateko Udaleko Enpresa Batzordeak salaketa jarri zuen 2019ko martxoaren 29an Udalaren aurka, euren ustez, otsaileko osoko bilkuran onartu zen 2019ko udalaren lan deialdi publikoa "ez zela legezkoa" esanez. Orduan adierazi moduan, Langile Publikoen Oinarrizko Estatuaren arabera deialdi publikoak onartu aurretik "Udala behartuta dago" sindikatuekin negoziatzera. Baina enpresa batzordeak adierazi zuen 2019ko deialdia zuzenean pertsonal batzordera eraman zutela, eurekin negoziatu gabe, eta hor legea urratuz.

Hori horrela, Donostiako epaitegiak  arrazoia eman die Udaleko Enpresa Batzordeko kideei, Arrasateko Udalaren kontrako epaiketan, eta epaiak prozesu guztiaren hasierara itzultzea eta negoziazio zintzo bat izatera derrigortu du.

Arrasateko Udalak, berriz, gaurko egunez balorazio bat egin ez duen arren, gaia aztertuko duela eman du aditzera.

ELAk bidalitako testua:

"Udalak negoziatzera derrigortuta daude"

"Arrasateko udalari irabazitako epaiketaren ondorioz ELAko zerbitzu juridikoek garaipen berri bat lortu dute. Donostiako epaitegiak emandako epaia aztertu ondoren argi geratu da EBEPeko 37 artikuluak agintzen duena:

2019 urtearen hasieran hasi ziren Arrasateko udala eta langileen ordezkarien arteko eztabaidak. Liskarra udalak RPTari eta OPE prozesueri buruz hartutako aldebakarreko erabakien aurrean sortu zen. Langileen ordezkariek udalaren jokaerak beraien funtsezko eskubideak errespetazen ez zituela hamaika aldiz aipatu ondoren epaitegian salatzea erabaki zuten.

Langileen ordezkariek behin eta berriz eskaini zioten udal gobernuari gatazka konpontzeko aukera negoziazio zintzo baten bitartez. Baina udal gobernuak gatazka konpontzen saiatu beharrean, negoziazio antzeztu bat egin zuen epaia geldiarazten saiatuz. Langileen ordezkariek antzerki hau ikusita, negoziazio mahaitik altxatu ziren, negoziazio zintzoa ez zelako ematen. Epaitegiak ez zuen onartu udal gobernuaren joku ilun eta nahasia eta epaiketa mantendu zuen.

Azkenean epaiak prozesu guztiaren hasierara itzultzea eta negoziazio zintzo bat izatera derrigortu ditu.

Beraz, zorionak ELAko zerbitzu juridikoeri eta Arrasateko ELAko ordezkarieri guztion eskubideen alde borroka honi eutsi izanagatik.

Aurrera begira garrantzitsua da horrelako prozesuetan adi egotea eta negoziaziorik ez bada ematen edo itxurazko negoziazio bat ematen bada lehen bait lehen udal horretara salaketa zuzentzea eta eskura dauzkagun tresna guztiak (sindikalak eta juridikoak) martxan jartzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak