Euskararen historiaren gaineko diskurtsoa "batez ere XIX. eta XX. mendeetako idazkietan" oinarritzen dela iritzita, Antzinarotik Erdi Arora bitartean euskal hizkuntzaren aztarnen eta eraginen zertzelada batzuk partekatu nahi izan ditu Euskal Filologian lizentziaduna den Josu Zugasti arrasatearrak. Bere esanetan, "Euskal Herriaren muga geografikoa orain baino askoz zabalagoak zen Erromatarren garaian, euskararen inguruko mugarri asko gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herritik kanpo aurkitu direlako". Argudio horretan oinarritzen da, besteak beste, "euskararekin lotzen diren lehen hitzak Garona erreka ertzean" aurkitu zituztelako, Val de Aran eta Burdeos artean.
Euskara erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen zuen lehen aztarna XIII. mendekoa dela nabarmendu du filologoak: "Errioxako Jacastro herriko biztanleek Gaztelako erregeari eskatu zioten euskaraz epaituak izan zitezen, eta Gaztelako erresumako merinoa edo ordezkari militarra ere bahitu zuten hori lortzeko".
Aurkikuntzen arabera, euskaldunek zeltiarrekin izan zituzten hizkuntzarekin lotutako lehen tirabirak. "Agerikoa da gurean daukagun toponimia zeltikoa. Deba ibaia, adibidez, izen zelta bat da. Galizian, Galesen eta Erresuma Batuan ere badaude Deba izeneko tokiak", nabarmendu du Zugastik.
Erromatarrak etorri ziren gero, "kultura zapalgailu" jarrerarekin. "Egin kontu gutxi gorabehera hiru euskal hitzetatik bat latinetik datorrela" adierazi du, ondokoa gehituz: "Erromatarren garaian euskara berrindartu egin zen, batasun politiko bati bide emanaz; esan genezake Erromatarren eraginez sortu zutela baskoiek Nafar Erresuma".
Hizkuntza eta politika, biak eskutik
Azken hausnarketa bat plazaratu du arrasatearrak: "Historiak erakusten diguna aintzat hartzen badugu, txorakeria da hizkuntza eta politika banatu egin behar direla defendatzea. Begi bistakoa da egituraketa politiko batek dakarrela euskararen batasuna eta indartzea, batasun hori galtzen denean ematen dira euskararen atzerakada geografikoa eta euskalkiak dialektoetan zatitzea. Ondorioz, erabat lotuta daude politika eta hizkuntza".