Indarrez betetako debut abesti aldarrikatzailea

Xabi Gorostidi 2020ko aza. 13a, 08:32

'Atxilotutako arimak' izena duen abestia egin du Femme Fatalë talde sortu berriak. Emakumeek bizi duten "indarkeriari" letrak eta irudiak jarri dizkiote musikari gazteek, mezu indartsu bat helaraziz; aurrerantzean kantu gehiago egitea dute buruan.

"Ohikotasunean agintzen zaigun zaintza / emakumeak baino gehiago sentitzen diren gizonak/ bide guztian boterearen esklabo izan direnak / euskarri gisa memorian ditugu, sorginen arimak /gorde itzazu zure hitzak zuretzako, nik ez ditut behar. Femme Fatalë taldeko neska gazteek sortu duten Atxilotutako arimak abestitik ateratako estrofa batzuk dira, kantuaren izaera aldarrikatzailea ondo erakusten dutenak.

Nere Onandiak, Iraia Nietok, Maria Murillok, Nagore Sasiainek eta Carmen Murillok osatzen dute taldea, eta Asier Sala musikari arrasatearraren laguntzarekin grabatu dute kantua. "Batxilergoko ikasleak gara Arrasateko Institutuan, eta Ikusentzunezko ikasgairako abesti bat eta bideoklip bat grabatzea erabaki genuen, ostean Emakundek antolatzen duen Beldur barik lehiaketara aurkezteko. Gure ustez, pandemia garaian emakumeen aurkako indarkeria egoerek igoera kezkagarria izan dute, eta klaseko proiektua aitzakia bezala hartu genuen aspalditik arduratzen gaituen ideia hori abesti batean plasmatzeko".

Ikasgelako momentu hilak baliatu zituzten kantuaren letrak denen artean osatzeko: "Lehenik eta behin, indarkeria matxista islatzen duten hainbat egoera identifikatzen ahalegindu ginen, horiei letrak eta irudiak jartzeko. Emakumearen edertasun estereotipoa da horietako bat. Konfinamenduan meme pila bat azaldu dira loditasunarekin lotuta, mundu guztia hasi zen kirola zoroen pare egiten, sare sozialetan norbere irudia perfektua igotzen tematzen direnen gorakada... Irudi perfektu horretatik aldentzen diren emakumeekiko presioa asko handitu da", azaldu du taldeko kide Maria Murillok.

Jarraitzeko asmoz

Aurrerantzean abestiak sortzen jarraitzeko asmoa dute. "Lehen kanta honek harrera ona izan du, eta ikusi dugu musika oso modu egokia dela barnean sentitzen dugun hori plazaratzeko. Mezu ugari jaso ditugu, kanta entzun eta mezua sentitu dutenenak, eta horrek pozik jarri gaitu. Abestiak sortzen jarraitu nahi dugu; agian, kanpora begira ez, baina guretzako".

1.500 ikustaldi, sei egunetan

Letrak irudiz jantzi ostean, bideoklipa Youtuben dago ikusgai. Txuri beltzean grabatu dute, eta protagonistak aurpegia estalita agertzen dira, besteak beste, loditasunaren aurkako mezuak, emakumeei zoroak direla sentitu arazteko joera, zaintza lanak emakumeen ardura izatea, eta kalean bakarrik joanda sentitzen dituzten beldur egoerak antzeztuz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak