Debekua jaso ostean, entsegu lokalak erabiltzeko eskubidea aldarrikatu dute musika taldeek

Xabi Gorostidi 2020ko aza. 9a, 13:12

Arrasateko gaztetxeko entsegu lokalen irudia. (Argazkia: Depos-gaz).

Arrasateko gaztetxeko eta Depositoetako lokaletan entseatzen duten musikariak batzen dituen Depos-gaz elkarteak oharra plazaratu du, berriki entsegu lokaletara joateko debekua jaso ostean. Diote "orain arte segurtasunez" jardun dutela entseatzen, eta euren jardunarekin jarraitzeko beharra adierazi dute: "Kultura hiltzea jendartea kondenatzea da! Kultura segurua da!"

Hona Depos-gaz elkartekoek plazaratu duten oharra, bere osotasunean:

"Bigarren olatu honek harrapatu gaitu berriro, etorriko zela ez bageneki bezala. Aurrekoan moduan, beharrezko ditugun esparru eta sektoreak zapalduak izaten jarraituko dutela dirudi. Konfinamenduan eta osteko hilabeteetan argi gelditu da lehen mailan behar ditugula, arnasteko behar ditugula, egunero behar ditugula. Herrian azken egunetan egin diren ekimen eta kontzertuek bizirik senti arazi gaituzte, herri moduan bizirik eta atzera pauso usainak kezkatzen gaitu.

Duela pare bat egun heldu zitzaigun abisua entsegu lokalak ezin direla erabili esanez. Kurioski (eta eskerrak!), oraingoan kultur jarduerak mantendu egingo dira. Tele-ensaio hitza erabiltzen hasi beharko? Arrotza egiten zaigu eta ez du ez hanka ez buru.

Honen aurrean adierazpen batzuk plazaratu nahi ditugu:

1- Kultura zaindu beharreko ondasuna da, jatea eta lo egitea bezain garrantzitsua da pertsonentzat, gure burmuinak eta emozioak elikatzen dituen ezinbesteko jarduera izanik. Bizitza bizigarri egiteko arnasguneak behar ditugu.

2- Kulturgile eta artistetatik haratago, pertsona asko eta asko bizi dira sektore honetatik. Pandemia honen aurretik ere, egoera prekario eta militantean askotan, guztiontzat ekitaldi, jai, kantu, pelikulak edo gozatzen ditugun beste horrenbeste baliabideri bidea emateko.

3- Gaztetxeek, eragileek, elkarteek eta auzolaneko beste hainbat talde eta ekimenek, kultur ekintzak beharrezkoak dituzte bizirauteko. Orokorrean “profesionalizatu” gabeko zirkuituetan egiten dira hauek.

4- Profesionalizazioa, tamalez, hain eskasa den sektore baten, ulergaitza egiten zaigu jarduera horretara mugatu izana. Ez zaionean gainera inolako laguntza eta babes publikorik eskaini hain egoera zailean dagoen langile taldeari. Argi daukagu neurri hau beste lan jarduera batzuen jarraipena zuritzeko hartutako erabakia ere badela. Aldi berean, profesionaltasun hitzari bere lekua bilatzea ere zaila egiten zaigu. Musika egiten duena musikaria bada, ekitaldi/kontzertuak antolatzen dituen zirkulu oro horretara dedikatzen da, horrek ekarriko dituen edo ez dituen diru sarrerak edonolakoak direla ere. Profesionaltasun hitza kontzertuak eman edo musika egin eta zabaltzen duen edonorekin lotuko genuke.

5- Zentzurik ez dauka fabrika batean 8000 pertsona elkartzea edota tren batean 10 zentimetroko distantzian 200 pertsonak bidaiatu ahal izatea, eta entsegu lokal baten 4 lagunek musika sortzea ezinezko izatea. Eta, alde batera utziz jada profesionaltasun edo ez profesionaltasunaren arteko eztabaida, segurtasun neurriak betetzen dituen talde arduratsu bat gara eta hala egin izan dugu orain arte ere.

Guzti honengatik, aldarrikatu nahi dugu Arrasaten entsegu lokalak erabiltzen jarraitzeko eskubidea. Azken hilabete luzeetan moduan, gure artean elkar zaintzen jarraitzen dugu eta higiene/segurtasun neurriak arduraz hartzen ditugu, bai lokaletan baita parte hartzen dugun ekimen guztietan ere.

Gure aldetik daukagun onena ematen jarraituko dugu kulturak, eta kasu konkretu honetan musikak, aurrera egiten jarrai dezan, baina horretarako ezinbestekoa dugu dauzkagun baliabide minimo horiek bermatzea.

Kultura hiltzea jendartea kondenatzea da! Kultura segurua da!"

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak