Artgazkikoen irudiak, 'Arrasate 20/20' galerian

Hasier Larrea 2020ko aza. 6a, 18:00

Artgazkiko kideak Kulturaten.

Bihar inauguratuko da Artgazkiko hogei bazkideren lan grafikoez osatutako erakusketa. autore bakoitzak lau argazki erakutsiko ditu Kulturateko klaustroan, eta herriko irudi zaharrak eta estudio fotografiko bat ere instalatuko dituzte bertan

Udalaren eta Arrasateko Argazki Taldearen arteko elkarlanetik sortu da Arrasate 20/20 erakusketa, azaroaren 8tik 28ra bisitatu ahalko dena. Kulturateko klaustroa herritarren kuriositatearen testigu izango da, astelehen eta zapatu bitartean, 17:30etik 20:30era bitartean. Anibal Carmona Artgazkiko kideak esan bezala, "Arrasate da argazki bildumaren interes-gune nagusia, eta irudiek kirola, paisaia, arkitektura eta bizitza soziala lantzen dituzte, batik bat".

Aurtengo urteari erreferentziarik egingo ote dioten galdetuta, ez dela "gai nagusia" izango aurreratu du argazkilariak, "baina egongo dira lan batzuk egungo egoera irudikatuko dutenak. Antonio Murillo Kajoiko tabernariak, esate baterako, komertzio txikiek aurten jasan duten beherakada islatuko du bere irudietan".

Paretetan zintzilikatutako argazkiez gain, erretratuak ateratzeko estudio fotografiko bat ere jarriko dute patioaren erdian. Arrasatearrek, hortaz, aukera izango dute Kulturatera gerturatu eta kalitatezko argazki pertsonalak egiteko. "Besteak beste, Mondravemberkoak etorriko dira estudiora argazkiak ateratzera", adierazi du Carmonak, eta ondokoa gehitu: "Oraindik ez dugu erabaki zein egunetan egongo den estudioa erabilgarri, baina jendeak bere argazki-erretratua egin ahal izango du”.

Horretaz aparte, diapositibaz osatutako pantaila batek Arrasateko antzinako irudiak proiektatuko ditu une oro. Argazki hauek Arrasate Zientzia Elkarteko kideek prestatuko dituzte, eta herriak jasandako aldaketak adieraziko dira bertan. Argazki makina zaharrak ere egongo dira ikusgai, "duela urte batzuk irudiak nola fotografiatzen ziren ikusteko".

Eragileen eta elkarteen alboan

Artgazkiko bazkideek lankidetzan jardun dute hastapenetik herriko eragile ugarirekin. "Mondraitz, Trikitixa Eskola, Herri Eskola, BTT... Elkarte askorekin aritu gara beti elkarrekintzan, eta horiei eskainitako txoko bat ere izango da erakusketa", adierazi du Carmonak.

Argazkiok Arrasateko Udalak gordeko ditu ondoren, datu base batean, aurrera begirako proiektu edo ekintzetan erabili ahal izateko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak