Zapatu gaueko gertaeren irakurketa egin du Arrasateko EH Bilduk

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 5a, 16:52

Edukiontziak sutan Arrasaten, iruditan.

Arrasateko EH Bilduk zapatu gauean izandako gertaeren gaineko irakurketa egin nahi izan du, eta, horrekin batera, azaroaren 7an, zapatuan, 19:00etan, Herriko plazan, inbertsio publikoen alde eta faxismoari bizkarra emateko egingo den elkarretaratzera hurbiltzeko eskatu die herritarrei.

Hona hemen, Arrasateko EH Bilduk zapatu gauean izandako gertaeren ostean egindako irakurketa:

"Zapatu gauen gertaera larriak bizi izan genituen gure herriko kaleetan. Izua, arriskua eta kalte material publiko zein pribatuak eragin zituzten suteak, ekintza horiekin zerikusirik ez zuten atxiloketak, erantzun polizial oldarkorra… Eta hori guztia gure eskubideen eta askatasunaren alde mobilizatzera deitzen zuen deialdi anonimo batek hauspotuta.

Ukaezina da, bizi dugun testuinguru nahasi eta ziurgabe honetan, soberan ditugula haserrerako eta protestarako arrazoiak. Maila pertsonalean, COVID-19ak eragindako krisiak hankaz gora jarri du gure bizimodua: Mugitzeko askatasuna mugatuta ikusten dugu, gure harreman sozialak baldintzatuta, gure bizi baldintzak eta etorkizuna are prekarioago bihurtzen…

Gainera, bien bitartean, krisi sanitario, ekonomiko eta sozial horren guztiaren kudeaketaz arduratu behar diren agintari politikoen erantzuna negargarria ari da izaten hasiera-hasieratik. Osasun adituen aholkuei muzin egin diete pandemiaren garapenari aurre egiteko neurriak berandu hartuz; herritarrak egoeraren larritasunaz kontzientziatu ordez informazio eta gardentasun falta nagusitu dira; pandemiak bereziki kaltetutako sektoreei (hezkuntza, osasuna, ostalaritza, komertzio txikia, kultura…) berandu eta eskas erantzun zaie, erdigunean komunitatea jarri beharrean sistema kapitalistaren exijentzien mesedetan burua makurtuz eta inbertsio publikoak azpiegitura erraldoietara desbideratuz.

Horren proba Eusko Jaurlaritzak, pandemiak gure gizartea bete-betean zeharkatu duen 2020 honetan, 142 milioi euro gutxiago gastatu izana osasunean, oso bestelako promesak egin arren hezkuntzara bideratutako aurrekontua apenas hazi izana edota Europatik jasoko dituen diru-laguntzak pandemiari aurre egiteko xedea ez duten inbertsioetara (AHT) eta enpresa pribatuen eskuetara (Iberdrola, Petronor) bideratzeko asmoa lotsagabe adierazi izana.

Haserre egoteko arrazoiak soberan ditugu, bai. Halere, ezin dugu ahaztu COVID-19a iritsi aurretik ere, aurpegi anitzeko krisi batean murgilduta bizi ginela, neoliberalismo basatiak ziurgabe, zaurgarri eta injustu bilakatutako gizarte sistema batean. Krisiaren sortzaile baino, COVID-19ak hedatu, areagotu eta azkartu egin du krisia.

Azkeneko egunotan, Arrasaten edota Euskal Herriko zein mundu mailako toki askotan izan diren istiluak ere testuinguru horretan kokatu behar ditugu. Muinean dagoena gizarteko sektore zabalentzat, eta batik bat gazteentzat, etorkizunik eskaintzen ez duen sistema da, non COVID-19a pizgarria baino ez den.

Gizartea ezegonkortu eta bere interesen baitan manipulatu gura duten botere ekonomiko eta politikoei, neoliberalismoari zein ultraeskuinari, neurrira etorri zaie pandemia. Eta ondo ari dira baliatzen, azkenaldiko istiluak bezalako mobilizazioen bitartez, agenda erreakzionario bat ezartzeko. Mezu, estetika eta jokamolde antisistemez mozorrotuta, gure gizartearen eta, bereziki, gazteen arreta oinarrizko arazotik desbideratuz, euren interesen partikularren alde egiten jarraitzeko.

Tentuz eta zuhur ibili gaitezen. Libertad aldarrikatzen duten horiek ez dute gure askatasunaren alde egiten. Eta Euskal Herriaren burujabetzan sinesten dugun ezkertiarroi gure ezinegona eta frustrazioa konponbideak topatzera bideratzea dagokigu; jarrera eta ekimen eraikitzaileak plazaratuz sakoneko eraldaketa sozial eta ekonomiko baten alde borrokatzea.

Bestalde, bigarren konfinamenduaren atarian egon gaitezkeen honetan, dei berezia egin nahi diegu Administrazioko arduradun politikoei, Arrasateko udal gobernua barne, egoera larri honetara iritsi izanaren arrazoi nagusietako bat orain arte erakutsi duten erantzukizun falta delako. Adituek udazkenarekin pandemia berrindartuko zela iragarri zuten eta agintariei zegokien udako hilabeteak baliatzea horri aurre egiteko bitartekoak martxan jartzeko. Haatik, inakzioa erabatekoa izan da eta, ondorioz, bigarren olatuak lehenak harrapatu gintuen bezala harrapatu gaitu.

Inbertsio publikoak areagotzea da pandemiaren ondorio anitzei erantzuteko bidea eta horrek izan behar du gure aldarrikapenen funtsa eta jomuga ere. Bidera dezagun horretara gure energia, interes ezkutuen mesedetan diharduten deialdien aurrean, komunitatearen ongizatea defendatzera. Hartara, dei egiten dizuegu arrasatearroi etzi, azaroak 7, arratsaldeko 19:00etan eta Herriko plaza nagusian, inbertsio publikoen alde eta faxismoari bizkarra emateko egingo den elkarretaratzera hurbildu zaitezten".

Arrasateko EH Bildu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak