Euskaraldian izena emateko azken txanpa dela gogorarazi dute

Eneko Azurmendi 2020ko azaroaren 3a

Azaroaren 20an hasiko dute ariketa soziala, eta izen-ematea azken unerako ez uzteko eskatu dute antolatzaileek. "Eman izena, jaso txapa eta jantzi etxeko leiho eta balkoiak Euskaraldiaren banderatxoaz. Auzokideei Euskaraldian parte hartuko duzuela adierazi diezu, gure kale tristeei kolorea eman eta, bide batez, euskararen aldeko proiektu bati sostengu ekonomikoa eman", diote.

Horrez gain, ohartarazi dute aurtengo ariketa egiteko txapa berria hartu behar dela. "Gogoratu, berriro eman behar da izena Euskaraldiaren aurtengo edizioan parte hartzeko eta txapa jasotzeko. Eta asko zarete oraindik, asko, iazko partaideen artean izena emateke duzuenok, agian behin emanda nahikoa delakoan".

Azken egunera arte ez itxaroteko eskatu diete herritarrei. "Konturatzerako, hemen dugu Euskaraldia! Osasun egoera dela eta, izen-ematea online egitea eskertuko dizugu. https://izenematea.euskaraldia.eus/ klikatu, datuak eman eta kitto!".

Bestela, txapak banatzeko puntuetan ere izena eman daiteke. Horra hor banaketa puntuak:

  •       Asteazkenez,BAZen, 11:30-13:30 eta 17:00-19:00 bitartean.
  •      Ostegunez, Arbolapetan, 18:00-20:00 artean. Euria eginez gero, Herriko plazako arkupetan.
  •      Ostiralez, Erdiko Kaleko Naroki dendaren lokalean, 18:00-20:00 artean.