Urratsez urrats, gazteenak oholtzara

Hasier Larrea 2020ko urr. 30a, 06:00

Dokekoak Umezaintzako umeekin.

Doke antzerki taldea Arrasaten antzerki eskola sortzeko oinarriak jartzen aritu da aurten; zailtasunak zailtasun, haur eta gaztetxoentzako hastapen ikastaroak abiaraziko ditu azaroaren 9an, konpainiako antzezle Maider Alzelairen eskutik.

Kosta bazaio ere, herriko antzerki konpainiaren aurtengo proiekturik garrantzitsuenak argia ikusiko du azkenean. Antzerki eskola sortzeko bidean, lehen ikastaroak jarriko ditu martxan Doke konpainiak azaroaren 9tik aurrera.

Oraingoz, 35 ikaslek eman dute izena bi adin-tartetan banatuko diren klaseetan: alde batetik, 8 eta 11 urte arteko haurrak egongo dira; eta, bestetik, 12 eta 15 urte arteko gaztetxoak. Segurtasun neurriak betetzeko asmoz, sei antzezle hasiberriz osatutako taldeek jasoko dituzte eskolak, astelehenetik asteazkenera bitartean. Ikastaroek azarotik ekainera iraungo dute, bakoitzari ordu eta laurdeneko iraupena eskainiz; 16:45ean hasiko dira lehenak, eta 18:00etan bigarrenak.

Dokeko aktore Maider Alzelai arrasatearrak gidatuko ditu jardunaldiok, eta, antzezleak aipatu bezala, izen emateak zabalik jarraitzen du. "Urtarrilean, adibidez, interesaturen bat gerturatzen bada, ez dizkiogu ateak itxiko, guztiak dira ongietorriak gurera", adierazi du Alzelaik. Udaltzainen egoitzaren alboan garatuko dira antzerki irakaspenak, Kulturolako obrak amaitzen diren arte. Telefonoz edota posta elektronikoz kontakta daiteke informazio gehiago jasotzeko, 665 11 85 72ra deituta edo dokeikastaroak@gmail.com helbidera idatzita.

"ESPEROTAKOA BAINO ERANTZUN HOBEA" JASO DU ANTZERKI HASTAPEN IKASTAROAK

Joan den otsailean aurkeztu zuen proiektua Udalean Doke antzerki konpainiak, eta partida bat osatu zen egitasmoa aurrera ateratzeko. COVID-19ak azarora arte luzarazi du hasiera, baina hil horretan martxa hartuko duelakoan da Alzelai. Proiektuak esperotakoa baino erantzun hobea izan duela nabarmendu du, eta antzerkiarekin lotutako jarduera ugariri bidea egiteko proba bezala ere balio izango duela gazteenekin abiatuko duen esperientziak: "Aurrera begira helduei zuzendutako antzerki eskolak ere antolatzeko asmoa dugu".

Ikasleek aurkituko dutena

Antzerki hastapenean zentratuko diren heinean, arte diziplina horrekin lehen kontaktua egitea izango da asmoa. "Neska-mutilek egin ohi dituzte antzerkiarekin zerikusia duten ariketak eskolan, baina guk astiroago landuko ditugu edukiak", dio Alzelaik.

Jolasak eta inprobisazioak tresna baliagarriak izango dira lotsak ahaztu eta antzezlearen rolaz jabetzeko. Poliki-poliki, teknika desberdinak lantzen joango dira ondoren: itzal bidezko antzerkia, kamishibai edo paperezko antzerkia, txotxongiloak eta ipuin kontaketak, besteak beste. Emanaldi xumeekin aurrez ikasitakoa jendartean, gurasoen aurrean kasu honetan, aurkeztuko dute azkenik. "Antzerki-obra baten prozesu guztia azaldu nahi diet aktore berriei, une oro taldean gustura egon eta gozatzen dugun bitartean", zehaztu du irakasleak.

Doke konpainia, 2021ari begira

Antzerki eskolaren proiektuan buru-belarri baldin badabil ere, antzezle taldeak badauka publikoari eskaintzeko obra bat esku artean, nahiz eta, momentuz, balazta jarri behar izan dioten; kulturak bizi duen egoera hobetzen den arte, behintzat. Anton Chejov dramaturgo errusiarraren lan bat ontzen ibili dira, zehazki, 2020an zehar, datorren urtean taularatzeko asmoarekin. "Aktore-lanetan jarduten dugunez gero, osasun-krisiak zuzenean eragin digu antzezleoi, elkartzean eta harremanak egiterakoan, batez ere", aitortu du Alzelaik.

Aurtengo urte makur hau antzerki ikastaroei esker zapore gozoarekin ixtea ez da albiste makala izango Doke antzerki konpainiarentzat. 2021ak emango duena, ezin interpretatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak