Hasi dute Eskolako Agenda 2030 proiektua

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 28a, 19:40

Garapen jasangarria ardatz izango duen proiektu berria izango da Eskolako Agenda 2030, Arrasateko Udalak azaldu duenez, eta ikasturte honetarako, herriko ikastetxeek aukeratu duten gaia honako hau da: Egoera berritik jasangarritasunerantz. Hamazazpi urtez Agenda 21 landu ostean, proiektu berria da hau.

Azaldu dutenez, "egoera berri hau" erabiliko dute gizarte eredu "jasangarriago" bat eraikitzeko abiapuntu moduan, "natura hobeto zainduko duen gizartea, gutxiago kutsatuko duena edota natur baliabideak zentzuz erabiliko dituena, esaterako". Hori izango da aurtengo proiektuaren ardatza.

Urrian hasi dira lanean. "Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleekin iaz landu gabe gelditutako plastikoen gaia berreskuratu dugu eta ari gara aztertzen herriko plazetan, parkeetan eta abar ea plastikozko hondakinik dagoen lurrean botata, nola itsasora iritsi daitezkeen eta zer egin dezakegun arazo horri aurre egiteko. Gainera, kale garbitzaileekin solasalditxo bat egiteko aukera ere izaten ari gara", diote.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.mailako ikasleekin, aldiz, Arrasateko ondare naturala ezagutzeko eta "duen balioaz jabetzeko", hainbat mendi ibilaldi egiten ari dira. "Esate baterako, Meatzerreka auzoan San Balerio berdegunea eta Urzulo iturburua bisitatu ditugu eta Musakola auzoan Antoniña istinga eta Hidalgobaso. Herritik hurbil dauden inguru naturalak dira eta herritarron ongizateari nola eragiten dioten aztertzen ari gara ikasleekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak