Haizea Tornay xakelaria, Alemaniako onenekin

Hasier Larrea 2020ko urr. 27a, 15:46
Haizea Tornay, Alemaniako txapelketako lehen norgehiagokan

Hessen herrialdeko ordezkari gisa sailkatu zen arrasatearra, udan, 18 urtez azpiko Alemaniako txapelketa gorenean. Aste honetan, 21 emakume onenen artean lehiatu da Tornay, 13. postua erdietsiz.

Alemaniako xake jokalari gazteak Willingen hirian batu ziren pasa den astean, Estatu horretako xake txapelketa nagusiak jokatzeko. Hortaz, land edo lurralde bakoitzeko ordezkariak indarrak neurtzen aritu ziren bertan, 2020ko germaniar gazterik onenak nortzuk diren erabakitzeko.

Bitxia badirudi ere, aurten arrasatear bat sartu da 18 urtez azpiko kategorian; lehiakideetan gazteena, gainera: Haizea Tornay. Xake jokalaria aski ezaguna da gure inguruko xake panoraman, adin guztietako afizionatu eta adituekin aritzen baita gertuko txapelketetan. Gipuzkoako errekor bat dauka berak, txapeldun absoluturik gazteenarena; 14 urterekin gailendu zen adin guztietako emakumeen artean, 2018ko txapelketan.

Gutxik jakingo dute, ordea, duela hiru urtera arte Hessen izeneko land-ean bizi zirela Tornay eta haren familia. Horregatik, Alemanian federatuta jarraitzen du gazteak, eta, Espainiako Federazioak antolatutako torneo ofizialetan jokatu beharrean, herrialde alemanekoan jokatzea dagokio.

Iaz, Alemaniako txapelketa nagusian sailkatzeko gutxi falta izan zitzaion, bigarren gelditu baitzen Hessengo 16 urtez azpiko txapelketan. Arantzatxo hori kendu ahal izan du aurten Tornayk; udan Frantziako, Bulgariako eta Groseko nazioarteko torneo puntuagarrietan maila eman eta gero, munduko rankingean gora egin du, eta txapelketa germaniarrean parte hartzeko txartela poltsikoratu.

Bost egunetan zazpi partida jokatu eta gero, Jana Schneider izan da txapelduna, munduko eta Europako txapelketetarako sailkatuz zuzenean. Era berean,
txapeldunordeak, Jacqueline Kobald-ek, Europako torneo nagusian jokatuko du baita ere. Aurkarien maila handiaren jakitun izanda, Tornay ez da pretentsio handiekin joan Willingenera, "ondo pasatzeko, ikasteko eta maila hobetzeko" helburuekin baizik, eta zalantzarik gabe, progresio on bat eduki duela jabetu da. 21 partaideetatik, rankingeko hamahirugarren postuan hasi zuen Tornayk txapelketa, eta postu berean amaitu. Hala ere, sailkapen nagusian hogei puntu inguru batu ditu, horregatik, pasa den astean baino koxka bat gorago aurkitzen da orain.

Partiden nolakotasuna

Zazpi partidetatik, denetariko emaitzak erdietsi ditu: bi irabazi, hiru berdindu eta bi galdu. Ondorioz, jokoan zeuden puntuen erdiak eskuratu ditu arrasatearrak, nahiz eta puntu gehiago lortzeko abaguneak izan dituen.

Xakelari bakoitzak ordu eta erdiko tartea eduki du lehen 40 mugimenduak egiteko. Ondoren, 30 minutu eman dizkie epaileak, partida osoa amaitzeko.
Partidetako aurkariak beti egon dira txapelketako sailkapenean elkarrengandik oso gertu. Hau da, lehen partida irabazi dutenek elkarren artean jokatu dute hurrengoa; berdin galdu dutenek. Kanporaketarik gabeko lehia izan da, horrenbestez, eta norberaren errendimenduaren arabera aurkari batekin edo besterekin nor baino nor gehiago aritu dira.

Familia xake-zalea

COVID-19a dela eta, aurten Tornay ezin izan da entrenatzailearekin kontzentrazioetan patxadaz elkartu, baina aitaren aholkuek, gutxienez, balio izan diote torneoari behar bezala aurre egiteko.

Izan ere, familiarentzat tradizioa da xakean aritzea. Aita eta bi osaba ibiliak dira nazioartean xake partidak jokatzen, eta mundu mailako txapelketetan ere parte hartuak dira. 13 urteko anaia gaztea eta lehengusu batzuk ere urrats handiak egiten ari dira dagoeneko.

Hurrengo erronkei begira

Behin Arrasatera itzulita, ikasketei heldu eta (araudi berriak kontrakorik agindu ezean) datorren asteburuko zitan jarriko du gogoa Haizeak. Euskal selekzioaren sei ordezkarietako bat izango da bera, nazioarteko konbinatu baten aurka Donostian jokatu asmo duten lagun artekoan. Bitxikeria gisa, oso posible da haren aita, Josu Tornay, Haizearen taldean egotea, euskal selekzioa defendatzen.

Gabonetarako txapelketa interesgarriren bat irtengo delakoan dira Tornaytarrak, 2020an zehar egindako aurrerapausoei bidea ematen jarraitzeko intentzioz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak