Etxabek dioenez, urteak dira ideia hau buruan darabiltenetik. "Egia da, pandemia iritsi aurretik, egoiliarrak gura zutenean jaisten zirela. Ateak zabalik egoten ziren eta edozein ordutan ateratzen ziren".
Pandemia hasi zenean, ordea, pentsatu zuten, egoera luzatu ezkero eskaera egingo zutela gune hesitu bat jartzeko. "Eta hala izan denez, udaletxeari eskaera egin genion duela aste pare bat. Egoiliarren senide batzuek ere esan izan digute aukera ona litzatekeela, beraz, haien artean ere komentatu izan dute, eta aukera ona da".
Zuzendariak adierazi du alkateak "berehala" erantzun zietela, baiezkoa emanaz, eta segidan jarri zituztela hesiak. "Aztertzen aritu ginen nora arte hesitu, izan ere, autobusaren zain egoten diren askok ere erabiltzen dituzte kanpoko banku batzuk. Beraz, banku batzuk haiendako utzi dituzte eta beste batzuk, guretzako".
Burbuila taldeak dituzte
Kanpora irten daitezke, baina haien arten ezin dira nahastu. "Solairu bakoitza burbuila talde bat da, beraz, lau talde ditugu. Lehenengo solairukoek terraza daukate, eta haiek ez dira jaitsiko. Izan ere, buruko arazoak dituzte, eta goian hobeto daude. Beraz, hiru talde izango dira jaitsiko direnak. Batzuek badute autonomia haien kabuz irteteko, baina beste batzuek laguntza behar dute", gaineratu du Etxabek.
Gaur hasi dira probak egiten eta astelehenera arte joango dira aztertzen. "Orain antolatu egin behar gara, eta txandak osatu, baina oraindik ez daukagu zehaztuta. Ikusiko dugu haiek ere zer esaten diguten. Ondoren baloratuko dugu nola antolatu".
Kanpoan ere, segurtasun neurriak
Haiendako ere "onuragarria" da aire apur bat hartzea eta paseo bat ematea, zuzendariaren esanetan. "Kontuan hartu behar dugu orain arte barruan egon direla, ezin izan direla irten".
Kanpoan ere, segurtasun neurri guztiak bete behar izango dituzte egoiliarrek. "Konpromiso bat sinatzen dute, kalera irtetean eskuak garbituko dituztela, maskara jantzita egon beharko direla eta distantziak mantenduko dituztela, batez ere kanpokoekin. Izan ere, senideak bisitan etortzen direnean, askotan ez dituzte distantziak mantentzen". FFP2 maskara jantzita ateratzen dira kalera, "haiek kutsa ez daitezen".
Momentu hauetan, 90 egoiliar daude Iturbiden. "Berez, 105endako lekua dago, baina 15 kendu dizkigute, guztiz beteta ez egoteko eta arriskuak saihesteko. Beraz, eduki ditugun 15 bajak ez ditugu berriro bete".