Hango eta hemengo jaki gozoak, plazara

Hasier Larrea 2020ko urr. 21a, 11:13
Djamila Zereiby, Biteri plazako 'Zrepost' gozotegia atzean duela

'Zrepost' gozoki denda ireki berri du Biteri plazan IMME emakume musulmanen euskal elkarteak. Kultura desberdinetako janari eta edariak eskainiko dira bertan. Bizikidetza eta integrazioa ardatz dituen elkargunea izan gura du proiektuak

Arabiar herrialdeetatik etorritako zenbait emakumek elkar laguntzeko eta euskal gizartean integrazioa errazteko asmoz sortu zuten IMME elkartea duela zazpi urte. Ordutik hona makina bat ekimen jarri dituzte martxan, harreman sarea ehuntzen joan diren heinean: euskara eta gaztelera ikasteko klaseak, argazki erakusketak, konferentziak, dokumentalak, joskintza eta sukaldaritza tailerrak... IMME elkartearen bitartez, ahalduntzeko tresna garrantzitsuak eraiki dituzte jatorri desberdinetako etorkinek, adin, sexu eta erlijio aniztasuna bidelagun izan dutelarik.

Abian jarri berri duten proiektuak, "negozio kutsua baino, bizikidetza kutsua" duela azpimarratu du Djamila Zereiby IMME elkarteko kideak. Haren esanetan, elkartea sortu zutenetik zeukaten buruan halako bilgune bat sortzeko ideia: "Argi geneukan batik bat janariak batzen gintuela euskal kulturarekin; geure jakiak kalera atera nahi genituen, bertako jakiei ere tokia eginez".

Asmo horri tiraka Hemen gozotegiarekin jarri ziren harremanetan. Bertako langile Jaione Fernandez de Jauregik adierazi bezala, "hasieratik egin genuen elkarrekin joateko hautua, paregabea da egiten ari direna". Kooperazio horri esker, Ekialde Hurbileko, Marokoko eta Euskal Herriko pastak, goxokiak, infusioak, kafeak eta freskagarriak erosi eta eraman ahalko dira hemendik aurrera.

Emakumeak, erdigunean

Elkarteak finkatuta dauzkan helburuak erdiesteko beste aurrerapauso bat ematera dator Biteriko Tiburon kioskoaren ondoan kokatuta dagoen Zrepost saltokia. Dozenaka emakumek parte hartzen dute IMME-n, eta guztien artean astelehenetik domekara bitartean zabalik eduki nahi dute take away postua. Irabazi asmorik gabeko erakundea osatzen duten heinean, sorreratik jaso dituzte instituzio publikoen aldetik ekimenak sostengatzeko diru-laguntzak, saltokia irekitzeko ezinbesteko iturria izan dutena.

Hala eta guztiz ere, faborezko traturik eduki ez dutela nabarmendu du Djamila Zereiby-k. "Lokala zabaltzerako orduan, Biteriko prentsa-kioskoak izan dituen baldintza berberak bete behar izan ditugu guk ere; lokal txikia den arren, etekina aterako diogulakoan gaude". Agerikoa da baikor daudela emakumeak.

Hurrengo urratsa, burujabetza

Dendan salgai edukiko dituzten produktuak kanpotik ekarriko dituzte hasiera batean. Esan bezala, Hemen gozotegiak erraztuko dizkie bertako janari gozoak. Bestalde, Basauriko El Palestino dendatik etorriko dira jatorri marokoarreko jakiak; arabiar jatorrikoak, berriz, Madrildik. 

Baina planteamendu hori ez dute luzaroan mantendu nahi. Izan ere, produktu exotikoak elkarteko kideek ekoiztea da proiektuari zentzu borobila ematen dion ideia, hau da, ahalik eta emakume gehienei lana eskaintzea. Horretarako, oinarri ekonomiko bat lortu behar dute lehenbizi, eta gero, gozokiak egiteko lehengaiak eta espazioa eskuratu. Espazioa lortzeko harremanetan jarriak dira jada. Orain, herritarren erantzuna besterik ez zaie falta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak