Dagoeneko iritsi dira Arrasatera 'Ahobizi' eta 'Belarriprest' txapak. Hortaz, Euskaraldian izena eman dutenek txapak jasotzeko aukera izango dute bihartik aurrera.
Euskaraldiko antolatzaileek gogoratu dute ariketa sozial erraldoian parte hartzeko izen-ematea zabalik dagoela. Esteka honetan sartuta rola aukeratu eta izena eman daiteke, beti ere norbanako bakoitzak izango duen jarreraren arabera, eta ez jakintzaren arabera. Hala ere, "izen-emate postuekin aurrera jarraituko dugu eta postu hauetan izango da txapak eskuratzeko aukera", adierazi du Jokin Etxeberria Arrasateko Euskaraldiko dinamizatzaileak.
Postu horiek bisitatzeko aukera egun eta toki desberdinetan egongo da:
- Asteazkenetan BAZ-en, 11:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:00etara.
- Ostegunetan Arbolapetan edo Portaloian 18:00etatik 20:00etara, eta eguraldi txarra eginez gero, Udaletxeko arkupetan.
- Ostiraletan Gure Eskuk Erdiko Kalen daukan lokalean, 18:00etatik 20:00etara.
Aurreko edizioan, ia 4.000 arrasatearrek hartu zuten parte gure hizkuntza ohiturak astintzera datorren Euskaraldia ariketa sozialean. Bigarren edizio honetarako hilabete falta denean, dagoeneko 875 lagunek eman dute izena. Eta zuk? Eman duzu izena? Zatoz, parte hartzeko konpromisoa erakutsi eta eraman ezazu zure txapa!