Mondragon Unibertsitateak bularreko minbiziaren lesioak hobeto bistaratzeko sistema bat patentatu du

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 19a, 18:55

Goi Eskola Politeknikoa elkarlanean aritu da Rioja Salud Fundazioko Medikuntza Nuklearreko Unitatearekin prototipo hori fabrikatzeko, eta Errioxako 150 pazientek erabili dute dagoeneko. 

Goi Eskola Politeknikoko ikertzaile eta irakasle baten eta Rioja Salud Fundazioko Medikuntza Nuklearreko Unitatearen elkarlana medio, irtenbide bat diseinatu eta fabrikatu dute bularreko minbiziaren lesioak hobeto bistaratzeko. "Irtenbide hori bularra estaltzen duen berunezko ezkutu kurbatua da, esfera-erdiaren formakoa, ohiko berunezko plaka lauaren ordezkoa. Xurgatze Ezkutua deitzen zaio eta, ohiko metodoarekin alderatuta, %80tik gora murrizten du erradiazio barreiatua. Horrela, bularreko minbizia duten emakumeen artean gongoil zelatarietako —eragindako lehen gongoilak— lesioak hobeto bistara daitezke, horiek hobeto kokatzen laguntzen baitu", azaldu dute.

"Gongoil zelatariaren teknika" gaixotasunaren hasierako faseetan erabiltzen da, eta minbizia zein estadiotan dagoen zehazten du. "Horretarako, erradiofarmako bat injektatzen da tumorearen eremuan, tumorea zein linfa-gongoiletara migratzen duen ikusteko, eta hor irradiatzen da. Horrela, ebakuntza kirurgikoan, hala badagokio, modu zehatzagoan erauz daiteke bularraren zatia, eta gainera, kontrastean erradiazio-dosi txikiagoa aplikatu behar da".

Adierazi dutenez, urtebetez baino gehiagoz Errioxako 150 pazienteren diagnostikorako eta tratamendurako erabili ondoren, bi erakundeek Xurgatze Ezkutua deiturikoa patentatu dute. "Horrek ezin hobeto islatzen du erakunde eta diziplina desberdinen artean elkarlanean jardun beharra. Mondragon Unibertsitatearen transferentzia-ereduari esker, kasu honetan, ingeniaritzak irtenbideak eman dizkio medikuntzari, eta, beraz, gizarteari".

Harremanetan jarraituko dute, bide berrien bila

Proiektu honen emaitza gisa, Rioja Salud Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak harremanetan jarraitzen dute, "transferentzia-bide berriak aurkitzeko" helburuarekin. "Izan ere, Unibertsitateak Ingeniaritza Biomedikoan gradua, Teknologia Biomedikoetan masterra eta hainbat ikerketa-lerro ditu medikuntzaren arloko berrikuntza- eta ikerketa-proiektuak garatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak