Txokolate eta kafe dastatzea zapatuan, baserritarren azokaren baitan

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 13a, 13:00

Gaur, martitzena, egin dute prentsa agerraldia, Harreman dendan.

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, txokolate eta kafe dastatzea antolatu du Harremanek, Arrasateko Udalaren laguntzarekin. Hala, baserritarren azokan postu bat izango dute, 11:00etatik 13:30era. 

Baserritarren azoka egingo dutela aprobetxatuz, helburua da ahalik eta herritar gehienengana iristea, Harreman dendako arduradun Marian Porcelen esanetan. "Herritarrak animatu gura ditugu produktuak probatzera. Kalitatezkoak eta osasungarriak dira produktu hauek, eta prozesu guztia irizpide ekologikoekin eginda daukate".

Edateko txokolatea eramango dute, eta portzentaje ezberdinetako tabletak ere bai. "Ekuadorko, Sao Tome eta Principeko, Dominikar Errepublikako edota Paraguaiko txokolatea daukagu dendan, besteak beste". Halaber, kafe mota ezberdinak ere eramango dituzte azokara. "Aromatikoa da bereizgarriena eta hori ere eramango dugu", dio Porcelek. Ekuadorkoa, Mexikokoa (Chiapas), Kolonbiakoa edota Etiopiakoa daukate dendan. "Azken hori munduko kaferik onena dela diote".

Kontsumitzaileen boterea azpimarratu du Harremaneko presidente Javier Ruiz de Munainek. "Izan ere, kontsumitzen dugunaren arabera, produkzio moduetan eragin dezakegu pixkanaka. Gaur egun, kafearen eta txokolatearen nazioarteko korporazio batzuk badaude bidezko merkataritzaren bitartez elaboratutako produktuak saltzen dituztenak, eta hori garrantzitsua da. Beraz, egin dezagun bidezko komertziaren aldeko erosketa bat". 

50 urte, munduan saretuta

Helburua, dendako arduradunaren arabera, bidezko merkataritza ahalik eta esparru gehienetara zabaltzea da. "Natura errespetatzea da bidezko merkataritzaren oinarrizko baloreetako bat, eta pandemiarekin agerian geratu da beharrezkoa dela hori. Larrialdi klimatikoak hor jarraitzen du, eta ikuspegi orokor batetik guztia batera gainditzen saiatu behar gara. Alde horretatik, bidezko merkataritzak erreminta garrantzitsuak eskaintzen ditu".

Halaber, gaineratu du 50 urte baino gehiago direla bidezko merkataritza munduan saretuta dagoenetik, eta horrek ahalbidetzen duela ekoizle txikiek haien kooperatiba propioak edukitzea, soldata duin batzuk, lan eskubideak bermatuta. "Era berean, horrek laguntzen du haien komunitatea garatzen, besteak beste, haurrak eskolara joatea eta ez lan eremu handietara lanera".

Porcelek azpimarratu du krisiak eragin orokorra izan duela, baina gehienbat "txiroenen bizkarrean" eroriko dela. "Adituek diote urte amaierarako bikoiztu egingo dela munduan gosea pasatzen dutenen kopurua".

Harreman denda, 22 urte zabalik

Bidezko merkataritzako dendak 22 urte daramatza zabalik, eta Debagoiendeko elkarte eta talde desberdinek hartzen dute parte bertan. Iaz, ia 90.000 euroko salmentak izan zituen, Ruiz de Munainek azaldu duenez. "Baina aurten gauzak zaildu egin ditu pandemiak. Aurten, iazkoa baino %20 gutxiago izaten ari dira, gutxi gorabehera. Horregatik, herritarrak animatu gura ditugu mota honetako produktuak erostera".

Dendako lana 20 bat boluntariok daramate, baina gehiago behar dituztela azaldu dute. "Bakoitzak bere neurrian egiten du ekarpena. Gehienak erretiratuak dira, baina gazteak ere baditugu. Hala ere, herritarrak animatu gura ditugu boluntario moduan parte hartzera. Beraz, interesa duena lasai gerturatu dadila dendara".

Gogoratu behar da Arrasateko Udalak bidezko merkataritzaren hiriaren ziurtagiria daukala. "Udaletxeko kafea, esaterako, bidezko merkataritzakoa da eta Gabonetan edota San Nikolaseko bolo-boloan erabiltzen ditugun karameluak ere bai", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak