Aita Menniko langileek lanuztea deitu dute urriaren 14rako

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 8a, 13:50

Prentsa agerraldia egin dute gaur, Donostian: "Aita Menni ospitaleko eta enpresa honetako hainbat zentroetako 500 langile grebara deitzen ditugu. Gipuzkoako osasungintza mental eta ezgaitasunaren alorreko entitate garrantzitsuena Aita Menni, baina bertan lan egiten dugun errealitatea gero eta okerragoa da", nabarmendu dute.

Langileek diote hitzarmen berri baten negoziaketa duela bi urte hasi zutela eta enpresak ez duela "inolaz ere" haien lan baldintzei buruz hitz egin nahi. "Aita Menniren izaera 'irabazi asmorik gabekoa' omen da, baina finantzazio publikoa dago oinarrian, bai Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiena eta baita Eusko Jaularitzako Osasun Sailarena ere. Negozio aparta bilakatu dute osasunarena: enpresak urtean milioi bateko irabazi garbiak ditu, langileen baldintzak zazpi puntu igotzeko gaitasuna dauka eta Gipuzkoako Foru Aldundia negozio honen konplize da, beste behin ere", adierazi dute.

Salatu dute 2017tik ez dutela soldata hobekuntzarik eta langile publikoen soldatetatik "oso urrun" daudela gaineratu dute. "Kontratazioan ere sekulako arazoak daude. Postuak ez dira betetzen, aldi baterako langileei ez diete oporrak hartzen uzten lan kargak sekulakoak dira".

Pandemiak, zama bikoiztu

Diotenez, pandemiak ere ez du egoera hobetu. "Are gehiago, gure aldarrikapenak indartu eta legitimatu ditu. Lehen lan karga handiak baldin bagenituen, orain zama bikoiztu da eta ez da pertsonal gehiago kontratatu". Gainera, salatu dute enpresak oporretatik itzulitako langileei ez dizkietela PCR probak hasieratik egin, "Arrasateko ospitalean brote bat baino gehiago egon direla jakinda ere". Langileen lan osasun eta segurtasuna bermatzeko neurriak ere eskatzen dituzte. "Arrisku handiko egoerak bizitzen ditugu gure lanpostuetan: pertsona zaurgarriekin edota muturreko egoerak sufritzeko beldurrez adibidez, unitate penal legalean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak