Arrasateko Udalak "COVID-19ra egokitutako" 2020 Udal Enplegu Plana aurkeztu du, lan munduratzea sustatu eta langabeen kontrataziorako errekurtsoak areagotzeko" asmotan. Esan moduan, planak 665.328,37 euroko aurrekontua du eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzazioa dauka. Hala, Udalak Lanbideri 402.730 euroko dirulaguntza eskaera egin dio.
Zortzi lerroz dago osatua plana: Udalak herriko langabeak kontratatzea interes publikoa duten proiektuak garatzeko (417.828,37 euro); Arrasateko Enpresetan herriko langabeak kontratatzeko diru laguntzak (87.500 euro); Titulatu berrien laneratzerako ekimenak (7.000 euro); Enpresa berrien sorkuntzarako diru laguntzak (35.000 euro); Langabeentzako ikasteko diru laguntzak (30.000 euro); Ekonomia suspertzeko ekitaldiak, enplegu azoka (15.000 euro); Ekintzailetzaren sustapena (23.000 euro); eta lanerako prestakuntza (50.000 euro).
Bost brigada txiki sortuko ditu Udalak
Enplegu planak dakarren berritasuna da, Maria Ubarretxena alkatearen esanetan, herriko 30 langabe kontratatzeko deialdi bat aterako dutela. Modu horretan, 2020an 30 kontratu egitea aurreikusten dute, iaz baino %76,6 gehiago –2019an 17 kontratu egin zituzten–. Lanbideren bi programa desberdinez baliatuko da Udala, enplegu sustapeneko kontratu horiek finantzatzeko:
2020ko Enplegu Sustapeneko Toki Ekintzen deialdiaren bidez 28 kontratu egingo dira:
- Herritarren laguntzaileen lantaldea: berria da lantalde hau; zortzi lagunez osatuta; Udaltzaingoaren ardurapean egingo dute lan.
- Eraikinetako garbitzaileen lantaldea: berria da lantalde hau; bost lagunez osatuta, eraikinen garbiketa langileekin batera arituko dira, Udal eraikinen garbiketa bereziak egiteko COVID 19 pandemiak sortutako behar berriei erantzuteko.
- Lorazaintzako peoien lantaldea: iaz bat kontratatu zen; aurten lauko taldea osatu nahi da; lorategi publikoen mantenuko langileekin batera arituko dira.
- Baso eta erreka mantenuko lantaldea: ohiko lantaldea lau lagunez osatu da; aurten, zazpi laguneko taldea (sei peoi eta talde buru bat).
- Pintoreen lantaldea: iaz bi kontratatu ziren; aurten lauko taldea osatu nahi da.
Programa honetan parte hartzeko "ezinbestekoa" da langabezian egotea, Lanbiden izena emanda. "%40k gutxienez emakumezkoak izatea (11 langile); %15ak gutxienez 55 urte baino gehiago izatea (4 langile); %30a gutxienez Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren onuraduna izatea (8 langile). Gainerako zazpiak, kolektibo hauetako batean kokatu beharko dira: 35 urte baino gutxiago, 45 urte baino gehiago, luzaroko langabeak, eta COVID-19aren alarma-egoeraren ondorioz lana galdu dutenak".
2020ko Gazteen Enplegua Sustatzeko deialdiaren bitartez, aldiz, bi kontratu egingo dira: Turismo teknikaria eta Euskaltegiko Moodle plataformako kudeatzailea.
Ezinbestekoa da 16 eta 30 urte bitarteko adina edukitzea, langabezian egotea, Lanbiden inskribatuta eta Gazte Bermeko Sisteman inskribatuta egotea. Deialdien berri www.arrasate.eus webgunean emango dute. "Dagoeneko lehen bi deialdiak atera ditugu eta, oraingoz, 140 izen-emate daude", dio alkateak. "Sare sozialetan ere informatuko ditugu herritarrak", gaineratu du.
Erakundeekin elkarlanean osatutako plana
Alkateak azpimarratu gura izan du eragile ezberdinekin elkarlanean egindako plana dela: "Garaia Parke Teknologikoa, MU, Caritas, Saiolan, Alecop eta abar. Eragile horien guztien irizpideak oso inportanteak dira guretzat".