'Maritxu, nora zoaz? Iturrira, Bartolo!'

Hasier Larrea 2020ko urr. 2a, 17:00

Maritxu, bere kutxan, mirari egunean.

Ezaguna da kanta herrikoiko pasartea, Maritxu Bartolorekin hizketan ari denekoa. Askok ez dute jakingo, gazteenek batez ere, ama birjinaren kutxa Erdiko kaleko eliza atarian egon zela 1994ra arte. Tirabira askoren ostean, iturri aldera eraman zuten.

San Juan Bataiatzailea parrokia kanpoaldean, Erdiko kalera jotzen duen atearen gainean, kokatuta egon zen Maritxu, 150 urtez. Eta, gezurra badirudi ere, ez zen presente egon bere omenezko lehen ospakizunean. Orduko alkate Jose Antonio Altunak eta Zubillaga parrokoak izan zuten zerikusirik, kutxa (kajoia) kentzeko agindu baitzieten Udaleko brigadako langileei, Arrosarioko ama birjinaren egunaren bezperan. Komisiñoko kideek, txikiteroen zaindaria non zegoen ez bazekiten ere, lore sorta eskaintza eta atearen garbiketa txukuna egin zioten Maritxuren bizitokiari.

Hurrengo urterako kutxa berria egin behar izan zioten; 35.000 pezeta kostatu zen. Neurriak jakiteko, udaletxeko balkoira igo ziren Komisiñoko kideak giza harresia eginez, eraikineko alondegian baitzegoen kutxa gordeta. Ostiralean, eguerdi aldean, jaietako antolatzaile batzuk arkupera joan ziren kutxa berria kokatzera, udaltzainen aginduei jaramonik egin gabe.

Gertaera hura izan zen Komisiñuaren eta herriko ordezkari politiko eta erlijiosoen arteko harremanaren lehen atala; ez, ordea, katramilatuena. Kapitulu hura Maritxu adinez nagusi egin zenean jazo zen, 1994 eta 1995. urteen artean.

Parrokian zaharberritze lanak egin zituzten hilabete haietan. Komisiñoko kideek kutxaren giltza utzi zieten parrokiako arduradunei, Maritxu eliza barruan gorde zezaten. Irailean bilkura egin zuten bi aldeek, baina ez ziren ados jarri: erlijiosoek, arrazoi estetiko eta arkitektonikoak tarteko, parrokiatik kanpora eraman nahi zuten Maritxu, udaletxeko balkoira edo Zurgin kantoiko arkura. Komisiñokoek, aldiz, bere betiko tokian mantentzea zuten helburu, eta uste zuten leku aldaketaren benetako asmoa jaiei nortasuna kentzea zela.

94ko ospakizunetan bere bizitokian agertu zen ama birjina, eta hura izan zen miraria. Urtebeteren buruan, obrak amaitzeke, Maritxuk ez zuen miraririk egin, haserre baitzegoen.

Abenduko batzarrean, orduan bai, akordioa egin zuten bi aldeek, eta gaur egun ezagutzen dugun txokora bidali zuten jaietako ikurra: iturri osteko hormakonka gotikora.

Erromes, 40 urte bete berritan

Txikiteroen lez, Maritxuk gustuko du lantzean behin etxetik irtetea. Hala, Oñati, Aretxabaleta, Musakola eta Bedoña bisitatu zituen 2016an, txintxo-txintxo bere kutxara itzuli aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak