70eko hamarkada, txikiteoa oso errotuta Arrasaten. Musikarik ez tabernetan, ezta faltan igarri ere: adin guztietako kuadrilla handiak kantuan ibiltzen ziren hara eta hona. Haiengandik gertu, beti, Pepe Txantxote gizon makuluduna. Tragoa hartzen zuen bakoitzean, "Maritxugatik!" ateratzen zitzaion ahotik. Kuadrillek, bere emaztea zelakoan, adarra jotzen zioten, baina Txantxotek oker zebiltzala aurpegiratzen zien, parrokiako ate nagusira seinalatuz: "Maritxu hori da, Maritxu Kajoi, txikiteroon zaindaria!". Esaldi hori eta ordutik aurrera txikiteroek Maritxuri eskaintzen zioten kopla sortak izan ziren ama birjinaren omenez egiten den festa ospatzeko leherkaria. Horrela dago jasota Maritxu Kajoi Komisiñuak 2001ean argitaratutako liburuan.
Kosta zitzaion aireratzea
Hasierak ez ziren batere errazak izan. 1975ean inauguratzea zen asmoa, baina gertakari latzek jaia bi urtez atzeratzea ekarri zuten: Iñaki Etxabe erail zuten Kanpanzarren 75ean eta meza esaten ari zela zendu zen Jose Luis Iñarra parrokoa 76an.
Hurrengo urtean, zazpi komisiokide arduratu ziren estreinako egitaraua antolatzeaz. Nahiz eta dotore jantzitako jende gutxi agertu, gorbatek kolkotik bekokirako bidea hartu zuten segituan. Ospakizunaren lehen harria jarri zen, beraz; harri irristakorra, euria egin baitzuen gau hartan. Hura maldizio txiki bat bezala interpreta daiteke, zaila baita zaparradarik gabeko Maritxu Kajoi egunik gogoratzea.
78ko edizioan ahoz ahokoak eragin handiagoa izan zuen. Orduan bai, kuadrilla ugaritako lagunak batu ziren antolakuntzara, eta Maritxuk festazale guztiak zaindu zituen artez.
"Ama, iturriak ardoa dakar!"
Behin oinarria jarrita, bereak eta bi egiten hasi zen ama birjina, inoiz ez asmo okerrez. 1981ean lehen miraria egitea otu zitzaion, zer eta plazako iturritik, ura beharrean, ardoa ateratzea. Kalea jendez lepo, gaztetxoenak zeharo aztoratu ziren gertaera harekin; nola ez ziren, ba, iturriko edari beltza probatu gabe geldituko? Gurasoek, seme-alaben erreakzioa ikusita, arren erregutu zieten komisiokideei gera zezatela eskandalu hura, eta halaxe egin zuten berauek. Nabarmentzekoa da mirari hura gauzatzeko tabernek egindako esfortzu ekonomikoa, guztira 600 litro isuri baitzituen Herriko Plazako iturburuak.
Nonbait, gustatu egin zitzaion Maritxuri pasarte hura, eta 20 urte geroago berriz eskaini zuen ardoa iturri berberetik. Orduko hartan, ez zen haurrik gerturatu, zorionez.
Ia San Ferminen pare
Ezin jakin 81eko anekdota harengatik, lehenengoz petardoen arkua jarri izanagatik edo irratietan kuñak sartu zituztelako, baina 1982ko Maritxu Kajoik euskaldun askoren kuriositatea piztu zuen.
Hala, jantzi dotoreak barrabarra ikusi ziren urte hartako urriko lehen ostiralean. Jende pilaketak urteroko ogi bilakatu ziren aurrerantzean, ordura arte ezezagunak ziren txosnei bidea eginez. Trikitilari eta gaiteroak kaleak doinu alaiz girotzen hasi ziren, eta hasierako jende uholdearen aurrean errezeloz jokatzen zuten herritarrak ohitu egin ziren ehunka kanpotar festazaleren bisitetara. Maritxu abegikorrak denei egiten dielako tokia bere egunez.