Ez da miraririk gertatu. Aurreikuspen guztiak beteta, bere horretan geldituko da aurten Maritxu: Herriko Plazako iturriaren atzeko horman gotortuta, urte madarikatu hau pasatzeko zain. Zalantzarik ez dago berak, herritar guztiek bezalatsu, datorren urtean inoiz baino indarberrituago ospatu nahi duela egun berezi hau. Baina gaur erantzukizunez jokatzea tokatzen da, eta 1977tik lehenengoz Arrasateko erdigunean ez da kantu algaratsurik entzungo.
Inongo zalantzarik baldin bazegoen, kolpetik uxatu zituen guztiak Maritxu Kajoi Komisiñuak joan den irailaren 23an. Ordurako egitaraua antolatzen aritu beharko zuketen, baina, oraingoan, komunikatu argia idazteko lanak baino ez dituzte hartu: Aurtenguen Maritxu Kajoi ez ospaketako erabakixa hartu dou. Hori dala ta, aurten ez da eskapulaixo, kartel edo egitaraurik egongo, ezta urtero antolatu izen dittugun ekitaldi eta ekintzaik bez. Era berean, osasun eta baldintza sozialak betetzen diren unean festa hau betiko mimo eta gogoz antolatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten komisioko kideek argitaratutako testuan.
Festa saihesteko neurriak
Komisiñuaren oharrarekin bat egitea erabaki du Udalak ere. Horren harira, Maria Ubarretxena alkateak hauxe adierazi du: "Lanegun normala biziko dugu gaur, eta kanpotik festa egitera etorri nahi duen jendeari ez zaio herrian sartzeko erraztasunik jarriko".
Hortaz, ez da autobus zerbitzu berezirik egongo: arratsaldeko autobus zerbitzuak eten egingo dira momentu batetik aurrera eta gaueko ohiko linearik ez da pasako Arrasatetik.
Bestalde, 18:00etatik aurrera herriko sarrerak poliziaren kontrolpean egongo direla nabarmendu du alkateak: "Ez dugu nahi ospatuko ez diren jai batzuetara kanpoko inor gerturatzerik; horregatik, norbait festa egiteko asmoz baletor, sarrera ukatuko litzaioke berehala".
Tabernek, gainera, Jaurlaritzak ezartzen duen ordutegia mantenduko dute. Ondorioz, 00:00etan zerbitzatuko dira azken tragoak, eta, asko jota, handik ordubetera itxiko dira saltokiak. Egun arruntetan, bezala, alegia. Kale zurruta ere zorrotz kontrolatuko dutela esan du alkateak: "Polizia dispositibo berezia antolatuko da, eta normalean baino Ertzaintza eta Udaltzaingo patruila gehiago ariko dira kaleak begiztatzen". Era berean, gogoratu du kaleko edana edo botila festa egitea galarazita dagoela eta arau hausleei 1.200 euroko isuna ezarriko zaiela.
Miraririk izatekotan, zein?
Maritxu Kajoi egunaren aurreko asteetan, fededun zein fedegabe askoren buruan egoten den galdera da honako hau: "Zer ekarriko digu aurten gure ama birjinak?". Normalean, fikziora jotzen dute hainbat eta hainbaten pentsamenduek, imajinatzeko zailak diren egoerak irudikatuz: iturritik ardoa aterako dela, tarte batez elurra egingo duela, Maritxu bera ke artean desagertuko dela, zerutik billeteak eroriko direla... Txikiteroen patroiak halakoak eta bi lortzeko gai dela erakutsi du 44 urte hauetan. Une magikoak eskaintzen ditu eguna gau bihurtzen denean, Erdiko kaleko iturri aldera eztarria urratzeko gogoz gerturatzen direnen gozagarri.
Gizarteak bizi duen ezohiko testuinguru honen baitan, pentsatzekoa da herritarrek Maritxuri egingo dioten eskaera ez dela, kakotx artean esanda, aparteko ezer izango. Paradoxikoa dirudi, baina magiarik handiena orain martxo aurretik bizi genuen normaltasunera itzultzea izango litzateke, pandemiarik gabeko egunerokotasunera, hain zuzen ere. Batek daki noiz iritsiko den momentu hori, baina, iristen den arte, Maritxurengan fedea edukitzea ez da gaizki etorriko. Ateoek ere badakite hori.
Betiko normaltasunari egin dio gorazarre Maritxu Kajoi Komisiñuak bere oharrean: Hurrengo Maritxu Kajoi lagunartien eta batera ospatzia bakunaik biheko ez dauen miraririk haundixena izengo da. Bakuna, zentzu metaforikoan ulertu behar, pandemiari egiten zaion keinu bezala, alegia, inork ez baitaki zein izango den COVID 19a gelditzeko antidoto erabakigarria.
Zerbait jakina bada, Maria Ubarretxena alkateak nabarmendutakoa, ez dela "ospakizunetarako momentua". Osasunari dagokionez garai kritikoak bizi dira euskal ingurumarietan. PCR probetako positibo indizea apaltzetik urrun dagoela onartu eta norberak erantzukizunez jokatzea besterik ez da gelditzen, beraz. Garai hobeak iritsiko direla sinestea. Aterako dira armairutik jantzi dotoreak aurrerago, egingo dira kuadrillako bazkari eta afari algaratsuak eta zabalduko dira taberna eta txosnaguneak goizeko ordu txikietara arte. Txikiteroek izango dute zintzurra ardoz betetzeko makina bat aitzakia. Maritxuk entzungo du berriz bere omenezko kanta, eta herritarrek ospatuko dute, inoiz baino gogo biziagoz, merezi duten festa.
Ordura arte, arduraz jokatu beharko da, eta Maritxuk berak konfinamendu garaiko eskapularioan iradoki zuen bezala, maskara jarri