"Ezin dizkiegu adinekoei euren eskubideak mugatu"

Karmele Uribesalgo 2020ko urr. 2a, 15:00

Javier Yanguas

COVID-19ak adinekoen alde emozionalean eta kognitiboan eragin handia izan duela uste du Javier Yanguas La Caixako nagusien programako zuzendari zientifikoak eta Psikologian doktoreak. Pandemiak begi bistan utzi dituen erronkez jardun zuen atzo Arrasaten, Kulturaten.

Zer eragin izan du pandemiak adinekoen bizimoduan?

Ikaragarria izan da eragina. Alde batetik, birusak berak ekarri dituen kalteak daude, baina adinekoek jasan behar izan dituzte beste ondorio batzuk ere: bakardadea, isolamendua eta tristezia, esaterako. Zaurgarriak sentitu dira sarri, eta askok nabaritu dute euren bizitzak zentzua galdu duela, ez zutela inolako bizi proiekturik. Nik uste dut balioan jarri behar ditugula euren adorea eta gaitasuna.

Adinekoen artean egoera ez da bera izango kasu guztietan, ezta?

Hainbat etapa daude. Oso desberdina da 65 urte izan edo 90. Kontuan izan behar dugu 90 urteko bat 65eko baten aita edo ama izan daitekeela. Hori dela eta, erretiratu berri den pertsona batek, orokorrean, konfinamendua gainerakook pasatu dugun antzera igaroko zuen. Adinean aurrera egin ahala, ordea, zaurgarritasuna areagotu egiten da, eta zailtasun gehiago izaten dira.

Nola eragin die pandemiak alde emozionalean eta kognitiboan?

Konfinamenduak sekulako eragina izan du osasun psikologikoan. Kasu askotan, jendearen mugak gainditu ditu. Egia da birusari aurre egiteko era izan dela, baina onartu behar dugu ondorio negatiboak ere izan dituela. Fundaziotik ikerketa bat egin genuen. Estatuko 3.500 pertsona elkarrizketatu genituen, eta %40ak esan zigun emozio aldetik sufritu egin zuela. Horrez gain, bi pertsonatik batek adierazi zigun bakarrik sentitu dela. Datu horiek oso kezkagarriak iruditzen zaizkit.

Gainera, zahar etxeetan une latzak ari dira bizitzen.

Pandemiaren aurretik bagenekien ez daukagula gizarte honek behar duen sistema. Ez da diru nahikorik inbertitu; langile gutxi daude, gaizki ordainduta eta baldintza txarretan lan egiten. Sistema on bat behar dugu. Nire ustez, adinekoen egoitzetan, besteak beste, pertsonalizazioan eragin behar da. Gauzak horrela, birpentsatu egin behar dugu zahar etxeetan zerbitzuak nolakoa izan beharko lukeen. Agian, funtsezkoa izango da egoitzetan baldintza hobeak izango dituzten lanpostu berriak sortzea.

Hala ere, adineko guztiak ez dira zahar etxeetan bizi.

Nire ustez, benetako puntu itsua etxebizitza propioak dira, ez baitakigu ateaz bestalde zer gertatzen den. Kasu askotan, zaurgarriak diren pertsonak izaten dira bertan, eta, normalean, ez dugu jartzen hor lupa. Zahar etxeetan gertatutakoa izugarria da, baina etxeetan pasatzen denari arreta handiagoa jarri behar diogu.

Estereotipoak hautsi behar direla komentatu izan duzu.

Ezin dizkiegu adinekoei euren eskubideak mugatu; aldarrikatu behar dugu nahikoa dela. Askotan, pentsatu izan dugu ez direla gai pandemia bati aurre egiteko edo erabakiak hartzeko. Funtsezkoa da estereotipo horiek apurtzea. Populazioaren %23 inguru adinekoak dira, eta ezin ditugu baztertu.

Zer erronka ditu gizarteak?

Adinekoek jasotzen duten tratua hobetu egin behar da, baita zaintza zerbitzua. Komunitarioagoak izan behar dugu. Bakardadeari aurre egitea da dagoen beste erronka garrantzitsuetako bat. Horretarako, gure arteko harremanak sendotu egin behar ditugu, baina ez bakarrik bakardadeari aurre egiteko; kalitatezko harremanak behar ditugu, elkar laguntzeko balio izango dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak