Moldatuta eta indartsu datoz Kooltur Ostegunak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urr. 2a, 16:42

Donostiako Raitx hirukotea izango da eguenean Arrasateko gaztetxean. Argazkia: Raitx.

Kultura "segurua eta beharrezkoa" dela aldarrikatzeko denboraldi berria zabalduko du Kooltur Ekintza taldeak datorren eguenean, 22:00etan, Arrasateko gaztetxean; atzo ziren Rukula taldearekin abiatzekoak, baina bertan behera utzi behar izan zuten.

Egoerak hala behartuta, ezin izan zuen Kooltur Ekintza taldeak gura eta prestatuta zuen moduan borobildu hamargarren denboraldia. Martxoaren 5ean eskaini zuten azkeneko emanaldia, hain justu, Kataluniako Deadyard taldearen eskutik.

Hala, kultura segurua eta aldi berean beharrezkoa dela aldarrikatzeko hamaikagarren denboraldia abiatzea erabaki dute; eta atzo ziren lehengo emanaldia eskaintzekoak –Rukula taldearena–, baina azken orduan bertan behera utzi behar izan zuten, taldekide bat konfinatu egin zutelako.

Ekimenaren bultzatzaileek badakite aurtengoa ere ez dela ohiko denboraldia izango eta une oro moldaketak egin beharko dituztela; hala ere, aurrera egiteko apustua egin dute. Honela azaldu du Kooltur Ekintza taldeko Edurne Iraolak: "Kultura ekitaldiak modu seguruan egitea posible dela uste dugu, eta argi dugu kulturari bultzada eman behar diogula; izan ere, garrantzitsua da arloko teknikarien eta musikarien lana suspertzea". Eta zera gaineratu du Iker Barandiaran taldekideak: "Ez dugu kultura salbatuko, baina bide horretan gure aletxoa jarri nahi dugu".

Segurtasun neurri zorrotzak

Kultura programatzaile guztien moduan, hainbat moldaketa egin dituzte gaztetxeko eguenetako emanaldietarako ere. "Aldaketa asko daude; esaterako, publikoa eserita eta maskara jantzita egongo da. Edukiera murriztu egin da, baina ahaleginduko gara, gure mugekin, ahalik eta jende gehien sartzen. Distantziak mantendu beharko dira barrara edo merchandising postura joaterakoan; gela erabiliko behar da aretora sartzeko eta irteteko orduan, eta datu pertsonalak hartuko dizkiegu kontzertura datozen guztiei, zerbait gertatuz gero edo kutsatze kasurik izanez gero harremanetarako bidea izan dezagun", azaldu du Iraolak.

PUBLIKOA ESERITA ETA MASKARAREKIN, EDUKIERA MUGATUA ETA BESTE HAINBAT NEURRI HARTU DIRA

Ohi bezala, maiatza bitartean eskaini gura dituzte astero kontzertuak, eta, horretarako, publikoaren jarrera ezinbestekoa dela dio Barandiaranek: "Inork ez gaitu behartu neurri horiek guztiak hartzera, baina gauzak ondo egin gura ditugu hasieratik; erantzukizunez jokatu behar dugu guztiok, inor polizia lanetan ibili behar barik".

Sarrerak, zazpi eurotan

Sarrerekin ateratzen duten diruaren truke etortzen dira musikariak. Hamar urtean bost eurotan izan dira, eta aurrerantzean, zazpi eurotan. Edukiera mugatu egin dutenez, musikariei "duin" ordaintzeko helburuarekin hartu dutela erabakia azaldu du Barandiaranek: "Lehenagotik proposatu genuen igotzea, baina AGAKOk –gaztetxeko asanblada– ez zuen ondo ikusten; orain, egoera bestelakoa da. Kultura ikuskizunak egin nahi ditugu, baina artistei eskaintza duina eginda, tratuan, soinuan eta ordaintzean ere bai".

Hamar urte ospatzeko, bideoa

Hamar urteko ibilbidean zehar 338 kultura emanaldi eskaini dituzte –317 musika kontzertu eta 21 bestelako ikuskizun–. Ez zuten gura eta prestatuta zuten moduan borobildu hamargarren urtea, eta, arantzatxoa kentzeko, ordura arteko ibilbidea laburbiltzeko eta balio emateko eta modu batera edo bestera ekimenarekin bat egin dutenak eskertzeko, bideo bat egin dutela kontatu du taldeko Adrian Ugaldek: "Kooltur Ostegunekin harremana duten hainbat laguni eskatu genien euren iritzia grabatzeko, eta guztiak batuta bideo polita zabaldu dugu sarean. Hor daude jasota Koldo Otamendi, Musikazuzenean-eko arduraduna; Ander Lipus, aktorea; La Furia, musikaria; AGAKOko kide bat; eta gurera sarritan etortzen den musikazale bat".

Urriko Kooltur Ostegunetako kontzertuak

22:00etan izango dira saio guztiak, eta 21:30ean zabalduko dute leihatila.

  • Raitx, Urriaren 8an, pop elektronikoa egiten duen Donostiako hirukotea izango da. Koban taldeko Esti Berazak eta Xalba Ramirezek sortutako taldea da. Gaztea saria irabazi dute aurten.
  • Victimas Club, Urriaren 15ean, taularen gainean eskarmentua duen Pela-ren –Sumision City Blues, Gramones...– talde berriaren txanda izango da; Jon Zubiaga Osoron arrasatearra ere kide da. Rocka eta bluesa, Pela-ren abesteko modu bereziarekin.
  • Amorante, Elgoibarko bakarlari gizon-orkestra urriaren 22an izango da. Kantu tradizionalak oinarri hartuta, doinu esperimentalak ditu ikur.
  • Lie Detectors Urriaren 29an, ibilbide luzeko musikariak batzen dituen Donostiako boskotearen 60ko hamarkadako rock, garage eta yeye doinuak.

Aurrera begira datozenak

Askotariko musika estiloei tokia egitea da aurten ere duten asmoa, eta datozen hilabeteetarako hainbat lotu dituzte; besteak beste, Zetak, La Secta eta Skabidean.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak