Gonbidapen guztiak agortu dira biharko kontzertuetarako

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 2a, 09:30

Maria Lasa, Amets Ormaetxea, Garazi Otaegi, Irati Gutierrez eta Leire Etxezarreta, Sorginak taldeko kideak. Argazkia: Sorginak.

Hauspo Eguna egingo dute bihar, zapatua, Ibai-artek eta Arrasateko Trikitixa Eskolak elkarlanean antolatuta, eta Sorginak, Tanxugueiras eta Amak taldeek eskainiko duten emanaldietarako gonbidapen guztiak agortu dira; bakoitzean 150, hain zuzen ere.

Egunari hasiera emateko, goizean Trikitixa Eskolako kideek kalejira egingo dute herriko kaleetan. "Eguraldiak baldintzatuko du, baina ea taldetxo bat elkartzen garen", azaldu du Maixa Lizarribar irakasleak.

Gero, goi mailako hiru talde ariko dira plazako oholtzan. Lehena, Sorginak, 13:30ean. Kepa Junkerak bere proiekturako sortutako taldea da Sorginak, eta, duela bi urte inguru harekin proiektua bukatu zutenetik elkarrekin jo gabe egon ostean, bueltan dira. "Ordutik, lehenengoz batu gara, zapatuan emanaldia eskaintzeko. Hasi gara elkarrekin entseatzen, eta dena gertu daukagu", dio Leire Etxezarretak, taldeko kideetako batek, eta "gogotsu" daudela gaineratu du. "Gure artean konplizitate handia daukagu eta oso gustura aritzen gara elkarrekin".

Izatez, gehiago ziren, baina bost kidek joko dute biharko emanaldian: Amets Ormaetxea, Irati Gutierrez eta Leire Etxezarreta arrasatearrek, Garazi Otaegi asteasuarrak eta Maria Lasa zizurkildarrak. "Keparekin jo izan genituen bertsioak eta bestelakoak joko ditugu".

Galiziatik Euskal Herrira

Ilunkeran, Tanxugueiras talde galiziarraren txanda izango da, 19:00etan. "Euskal Herrian jotzeko aukera dugun guztietan baiezkoa ematen dugu, eta kasu honetan ere hala izan da. Guretzat ere oso aberasgarria izango da Euskal Herriko taldeak gertutik entzutea, horretatik ere ikasteko", adierazi du Sabela Maneiro taldeko kideetako batek.

Galiziako musika tradizionala lantzen dute, galizieraz, hizkuntza eta musika bera gal ez daitezen, Maneiroren esanetan. "Erreferentziarik ez badago, oso zaila da datozen belaunaldiek horren aldeko apustua egiten jarraitzea", nabarmendu du.

Tradizionala izan arren kutsu modernoa ere badutela aitortu du. "Askotariko musika entzuten dugu eta hori nabaritu egiten da guk egiten dugun musikan ere. Hori dela eta, jende gaztearengana iristen garela sumatzen dugu, eta hori ona da".

Azpimarratu gura izan du "zorionez" Galiziako musika tradizionala hazten dabilela berriz. "Haurrek hemengo instrumentuak jotzen ikasten jarraitzen dute: panderoa, pandereta, lata, maskorrak, koilarak, eta abar".

Eguna borobiltzeko, Amak

Amak taldea izango da kontzertua eskaintzen azkena, 21:00etan. Trikitixa Eskolako irakaslea izateaz gain, taldeko kide ere bada Maixa Lizarribar, eta aitortu du "oso gogotsu" daudela. "Uda xelebrea izan da, eta, kontzertu asko bertan behera geratu zaizkigun arren, beste dezente jotzeko zortea izan dugu. Oraingoan, goi mailako beste bi talde izango ditugu oholtzan; guztiak emakumeak, gainera. Beraz, horrelako aukera bat izatea oso polita da. Bestalde, Sorginak taldean nire ikasleak ere badaude; hortaz, bi aldiz ama sentitzen naiz", adierazi du.

Herritik herriarentzat egindakoa

Jon Apraiz Ibai-arteko presidenteak asteburuan herrian geratzeko dei egin du. "Jaialdiaren helburua da jendea herrian geratzea eta Arrasateko komertzioetan eta tabernetan kontsumitzea. Bizi, erosi eta maite Arrasate", azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak