Azaldu duenez, iraileko bi emankizunak, Simplicissimus eta #56, froga modura hartu dituzte. "Gehienbat, gure ikusleei adierazteko bueltatu garela eta segurtasun neurri guztiekin hasi garela, kulturaz lasai eta seguru gozatu ahal izateko. Gainera, erantzun ona eduki dugu, 120 lagun izan genituen kabaret emanaldian eta 90 dantza ikuskizunean", nabarmendu du.
Segurtasuna bermatzea da, Garairen esanetan, lehentasun nagusia. "Sarrerak online erosteko aukera bideratu dugu, baita zinemarako ere; sarrera-irteeretan gelak jarri ditugu eta jarlekuen artean distantzia bermatuta dago. Horrek edukierari eragiten dio. Berez, 789 eserleku daude Amaia antzokian, baina legeak behartzen gaitu edukiera osoaren %60 betetzea gehienez. Beraz, dezente gutxiago dira orain", azaldu du.
"Erronka handia" izango da
Azpimarratu du "erronka handia" dela berriro ohiko egitarauarekin hastea, baina "gogotsu" ere badaudela horretarako. "Gainera, sumatu dugu ikus-entzuleak kultura gogoz daudela. Kalean galdetu izan digute zinema noiz hasiko den edota bestelako ikuskizunak noiz hasiko ditugun. Garbi dago emanaldi jakin batzuk ezingo ditugula egin, Zarzuela, esaterako, beste baldintza batzuk eskatzen dituelako, baina beste guztiekin aurrera egingo dugu".
Zinema eta ikuskizunak
Zapatuan, zinema emanaldiekin hasiko dira Amaia antzokian, Tenet pelikularekin. Bestalde, urriaren 18an, Fadoak entzuten zituen gizona antzezlana izango da; urriaren 24an, Botadun katua haur antzerkia eta azaroaren 1ean, Ave Osos. Sarrerak salgai daude dagoeneko arrasate.eus webgunean.