Aste garrantzitsua da honako hau Euskaraldiaren baitan. Atzo zabaldu zen norbanakoek ahobizi edo belarriprest moduan izena emateko aukera . Bestalde, irailaren 27a, domeka, izango da entitate moduan parte hartzeko izena emateko azken eguna.
Aste berezi honen baitan, Arrasateko Euskaraldiak ekintza berezi bat antolatu du ostiralerako, arratsaldeko 19:00etan, Biteriko Plazan: Txor-Txor bakarrizketa umoretsuaren emanaldia, hain zuzen ere.
Bizitza txor-txorrean pasa ohi dugu, baina eta zergatik ez berriketa horiek euskaraz egin? Jolasean, umorez, serio… gauden lekuan gaudela! Halaxe azalduko dizkigu Xabier Artieda komunikatzaileak euskaldunok gure eguneroko egoeretan euskararekiko ditugun harremanak zer nolakoak diren ordu betean gutxi gora behera.
Hasiera batean monologoa Nerea Arriola aktoreak egin behar bazuen ere, Xabier Artiedaren eskuetan egongo da ikusleari barre eginaraztea.
Saioa ikusteko ez da sarrera behar izango eta doakoa izango da, baina 100 pertsonendako aforoa egongo da soilik, osasun neurri guztiak beteko direlarik.
Txor txor… euskaraz aritzeko gogoa dut zurekin, eta zuk nirekin?