Aipatutako alorretan lan egiten duten talde guztien lana balioan jarri eta bultzatzeko helburuz, baita beraien programak diruz lagundu eta indartzeko asmoz ere, 454.541,79 euroko diru-laguntza bideratuko du Arrasateko Udalak.
Euskara alorrean, gehien
Kopururik handiena Euskara alorreko elkarte eta erakundeen artean banatuko da, 257.641,85 euro osotara.
Gauzak horrela, hiru diru-laguntza jasoko ditu Txatxilipurdik: jarduera orokorrekin lotutakoa, guraso.eus webguneari dagokiona eta Freskura ekimenaren baitakoa.
Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearentzat eta Komunikazio Biziagoa esparruan sartzen diren eragileentzat bideratuko da sail honetako partidaren beste zati bat. Esparru honetan sartzen dira komunikabideak (Argia, Goiena papera eta telebista, Arrasate irratia eta Mondraberri), elkarteak (Kontseilua, Laneki eta Badihardugu) eta hezkuntza arloko jaialdiak (Araba Euskaraz, Ibilaldia, Kilometroak, Nafarroan Euskal Eskola Publikoa eta Herri Urrats).
Hezkuntza eragileen partida
Hezkuntzara, berriz, 157.513,94 euro bidaltzea adostu du Udalak. Onuradunak, beraz, Arizmendi ikastola, Arrasate Institutua, Arrasate Herri eskola, Arizmendi ikastolako gurasoen elkartea, Arrasate Institutuako gurasoen elkartea, Arrasate Herri eskolako gurasoen elkartea, EPA, Debagoieneko Hasierako Lanbide prestakuntza zentroa eta Mondragon Unibertsitatea izango dira.
Kultura elkarteen diru-laguntza
Aktibitate kulturalarekin zerikusia duten elkarteei, ostera, 28.487 euro bideratuko zaie. Talde honetan sartzen dira Izartsua Belenzaleen elkartea, Artgazki, Portaloi, Goikobalu abesbatza, Ozenki elkartea, ARTE tailaginen elkartea, Margo taldea, Sanbamaña batukada elkartea, Loixe zeramika taldea, Txikitxu Arrostaitz dantza taldea, Doke antzerki taldea eta Julio Galartaren lagunak elkartea.
Gazteria eta emakume saila
AEDk 5.450 euroko beste laguntza ekonomiko bat jasoko du Gazteria Sailetik, eta Ekin Emakumeak egitasmoari 5.449 euro emango dizkio Emakume Sailak.