Atzo iluntzean, hilak 23, bertaratu ziren Ertzainak Iturriotz kaleko Ederra tabernara, jaso berri zuten deia egiaztatzeko. GOIENAk jakin duenez, barruan ez zuten zerbitzaririk aurkitu hasiera batean, baina minutu batzuen buruan azaldu zen zerbitzarietako bat. Honek, azkenean, aitortu zien egia zela langileetako batek positibo eman zuela PCR probetan duela egun gutxi. Emaitza jakinda ere tabernan lanean jarraitu zuen pertsona honek. Honen harira, salaketa abiatu du Udaltzaingoak.
Osasun sailak agindua eman zuen taberna behin behinean ixtea. Une honetan zigilatuta dago taberna eta positibo eman duen zerbitzaria, koarentenan.
PCR probak egiteko deialdirik ez
Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaile den Ignacio Garitanok jakinarazi du PCR probak egiteko deialdirik ez duela egin Osakidetzak, bezeroen artean oraingoz ez delako positiborik atzeman. Gaur arratsaldeko agerraldian adierazi du hori, eta gaineratu du sintomarik izan ezean ez dagoela zertan egin PCR probarik.