"Arduraz" jokatzeko eta Maritxu Kajoi "ez ospatzeko" deia egin du Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 24a, 15:30

Arrasateko Udalak bat egin du Maritxu Kajoi Komisiñuak hartutako erabakiarekin. Gainera, "kontrol-neurri bereziak" hartuko dituela iragarri du. Esaterako, herriko lau sarrera ezberdinetan paso kontrolak jarriko dituzte: Araba etorbidea, Gipuzkoa etorbidea, Nafarroa etorbidea, Uribarri etorbidea.

Udalak dei egiten die herritar zein bisitariei Maritxu Kajoi Eguna ospa ez dezaten: "Arrasaten ez da jai ekitaldirik izango, eta, beraz, eskatzen dugu kanpotik inor etorri ez dadila Maritxu Kajoi Eguna ospatzera".

Ostirala denez, ohiko laneguna izango da, "inolako jai girorik gabekoa" eta Udalak iragarri du herriko lau sarrera ezberdinetan paso kontrolak ezarriko dituela 18:00tatik aurrera, Ertzaintzaren laguntzarekin. "Beraz, Arrasatekoak ez direnei ez etortzeko deia egiten zaie".

Horrez gain, urtero egon ohi diren autobus zerbitzu gehigarriak ez dira egongo, ezta gaueko autobus zerbitzu bereziak ere. "Ez da, beraz, kanpotik Arrasatera etortzeko erraztasunik egongo".

Udaltzaingoaren esku-hartzea indartuko du Udalak

Arrasateko Udalak nabarmendu du egun horretan Udaltzaingoaren kale esku-hartzea ere indartu egingo duela, Ertzaintzarekin elkarlanean, eta gogorarazi du tabernen itxiera ordutegiak zein kaleko edana kontrolatuko direla. "Arautegiak ezartzen duen moduan, tabernek ezingo dute zerbitzatu gaueko 24:00etik aurrera eta taberna guztiz itxita egon beharko da 01:00etan. Kale-zurruta egiteko jarduera dela eta, gogorarazten da debekatuta dagoela berauek egitea eta arau-hauste honegatik isuna 1.200 eurora artekoa izan daitekeela".

Azkenik, zera ohartarazi du: "Azken egunotan COVID-19aren positibo kopuruak gora egin du, eta inoiz baino beharrezkoagoa da segurtasun eta higiene neurri oro betetzea. Konponbidearen parte izan behar dugu guztiok, bat eginik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak