Euskal Herriko tendentzia artistiko berritzaileei ateak irekiko dizkie ostiral honetatik urriaren 24ra bitartean Kulturateko klaustroak. Bertan Zuhar Iruretagoiena eta Javier Rodriguez Chavesito artisten instalazioak erakutsiko dira. Eskultura grekoaren mugimenduak aintzat hartzen dituen argazki galeria proposatuko du batak, eta hirian ikusitako elementuak irudikatzen dituen eskulturak besteak.
19:00etan inauguratuko da arte galeria, baina ez dirudi seriotasun kutsuko aurkezpenik izango duenik, gertuko panorama musikal eta artistikoa astintzen ari diren bost sortzaileren ardura izango delako erakusketari hitzak jartzea, nola eta radio show formatuan.
Artista hauetako hiru Xolomo Gangsta kolektiboko kideak dira. Badute irratigintzan eta euskal memegintzan esperientziarik; rap irratsaio bat gidatzen dute Donostiako Ttan Ttakun irratian, eta meme lotsagabeei esker jarraitzaile pila lortu dituzte instagram plataforman. Saioa borobiltzeko oroimenean aditua den Mawatres artista madrildarra eta Telmo Trenor disk jockey eta produktore donostiarra izango dituzte alboan. Azken honek Sateliteak izeneko programa zuzentzen du NAIZ irratian, gainera. Inauguraziora gerturatzerik ez duenak, Eremuak programaren youtube-ko kanalean jarraitu ahalko du saioa zuzenean, eta ostiralero entzungai izango du erakusketan bertan podcast eran.
Eremuak, artea gizarteratzeko
Euskal Herriko artea herritarrei gerturatzeko helburua du Eusko Jaurlaritzaren baitan egituratzen den Eremuak plataformak. Zenbait programa kudeatzen ditu beronek, tartean, arte garaikidean kokatzen den Harriak ekimena. "Sentipenak zein gogoetak piztu eta testuinguru indartsu bat sortu nahi badugu, beharrezkoa da artista eta publikoaren arteko sinergiak sortzea, eta Kulturate elkargune bat da zentzu horretan", adierazi du Harriak dinamikaren koordinatzaile Leire Muñozek.
Eremuak webgunean ere egingo zaio tokia Kulturateko erakusleihoari, interpretazio libreko testu kritikoak argitaratuko baititu bertan Marixe Ruiz de Austri arrasatearrak.
Emakumeentzako rap tailerra
Inaugurazioaren aurretik baina, 16:00eatik 19:00eara, rap tailerra gidatuko du La Furia musikariak. Rapa ahalduntze feministara gerturatzeko tresna gisa aurkeztea da abeslariaren asmoa.