Juan de Avalosen Kristo Salbatzailea

Mireia Bikuña 2020ko ira. 23a, 18:00

Santa Teresa elizan dagoen Kristo Salbatzailea.

Madrilgo Erorien Harana egiteko lehiaketa irabazi zuen 1950ean. Hogei urte geroago, 1970ean, Arrasaten, Musakolan dagoen Santa Teresa elizako eskultura aipagarriena egin zuen: Kristo Salbatzailea. Bi lan horien atzean, eskultore berbera dago: Juan de Avalos (1911-2006). 

Baina nola heldu zen Meridan (Badajoz) jaiotako artista baten lana Arrasateraino? "Musakolako lehen etxeak Mariano Espinok egin zituen. Eraikitzailea zen, eta Avalosen lagun mina", esan du Eukene Mondragon musakolarrak. Espinok Musakolako goiko etxebizitzak egin zituen. Santa Teresa izenez ezagutzen den gunea. "Ordurako, txiki geratu zen San Isidro eliza, eta hark erabaki zuen beste eliza bat egitea. Hark dirua eman zuen egungo lekuan eliza egiteko, eta baldintza bakarra ipini zuen: elizari bere emaztearen izena ipintzea: Teresa, alegia", gogora ekarri du Mondragonek.

Eta halaxe egin zuen eliza, Elkano kalean, 1963an. "Adreiluz egindako eraikina da. Soila eta ederra. Avalosen eskulturaz gain, deigarriak dira koloretako beirateak. Elizaren lau paretetan daude. Bereziki dira politak atzeko aldeko Azken Afaria eta aldare nagusiaren ezkerrean dagoen Santa Teresaren beiratea", azpimarratu du. Jatorrizko eskulturak Edozelan ere, elizak duen soiltasuna goitik behera apurtzen du aldare-mahaia zaintzen dagoen Kristo Salbatzaileak. Juan de Avalosek propio Santa Teresarako egindakoa. Izan ere, opari bat izan zen. Jatorrizkoa. Arrasatekoaren ostean etorri ziren kopiak. Adibidez, Zumarragako Salbador elizan kopia bat dago, Carrion de los Condes (Zaragoza) herrian beste bat, eta Zaragozan ere bai. Madrilgo Almudena katedralerako beste Kristo bat egin zuen Avalosek, baina hori etzanda dago. Hilda.

Arrasatekoaren ezaugarria

Hain zuzen ere, hori da Arrasatekoak duen ezaugarri nagusia: Kristo Salbatzailea dela. Bizirik dagoela. "Besoak zabalik ditu eta ez dauka sufrimendu aurpegirik. Ez dauka iltzerik, ezta arantzazko kororik. Eta ez dago gurutze bati lotuta. Heriotza eta berpizkundea irudikatu zituen batera Avalosek. Elizara doazenak beso zabalik hartzen ditu", dio Mondragonek. Hiru piezatan egindakoa Ezaugarri fisikoez gain, atentzioa ematen du eskulturaren tamainak: irudiak berak ia lau metroko altuera dauka. Inguruan duen eta koroa izaten bukatzen den hodeiarekin, bost metroko garaiera dauka. Avalosek hiru piezatan egin zuen: gorputza, hodeia eta koroa egur zati berberarekin eta bi besoak beste bi zatirekin. Guztia, egur polikromatuarekin. "Afrikatik ekarritako Abebay egurrarekin egindako lana da. Avalosek askotan erabili izan zuen egur mota hori. Tonalitate berezia duen egurra da, eta, egia esan, oso ondo mantentzen da. Urte hauetan guztietan, ez zaio berrikuntzarik egin irudiari", dio eliza zaintzeaz arduratzen den Eukene Mondragonek. Irudia sagrarioaren gainean dago. Bi aingeruk zaintzen dute: batek kaliza dauka eskuan eta besteak, ostia.

Arrasatera bisitan

1974an, erakusketa bat zabaldu zuen Avalosek, eta harako bidean geldialdia egin zuen Arrasaten. Santa Teresa elizarako egindako eskultura ikusten egon zen. Behin baino ez zen egon. 2006an hil zen, Madrilen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak