Hasierako zalantzak uxatzeko aurkari zaila

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 18a, 16:12

Irailean entrenamenduekin hasi ostean, denboraldi-aurreko lehen partidua jokatuko du bihar, zapatua, Mondragon Unibertsitateak, Euskal Koparen baitan. Baskonia izango dute aurkari arrasatearrek, Gasteizen, 18:00etan. "Talde gogorra eta zaila da", azaldu du taldeko entrenatzaileak.

Lehen kontrarioa ez zaio "batere" gustatzen Iñaki Ogaran Arri Mondragon Unibertsitateko entrenatzaileari. "Baskonia da, fitxaketa asko egin ditu eta beti dauzka jokalari onak, fisikoki oso indartsuak direnak, gainera. Lehenengo aurkaria izateko eta gu gauden moduan egoteko, ez da egokiena, baina gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara", nabarmendu du.

Oraindik ez dute partidurik jokatu, eta Arri-k ez daki zein izango den taldearen maila biharko partiduan. "Bi partidu genituen aurreikusita, baina, egoera oso ezegonkorra denez, azkenean, ezin izan ditugu jokatu. Beraz, asteburu honetakoa izango da lehenengo partidua eta oraindik ez dakigu zein izango den taldearen benetako maila, entrenamenduetako erreferentzia bakarrik daukagulako. Ez dira denboraldi-aurreari ekiteko baldintzarik onenak, baina guztiok gaude egoera berean. Beraz, ez dago aitzakiarik".

Euskal Kopako bigarren jardunaldian atseden hartuko dute arrasatearrek eta ondoren, Easoren aurka jokatuko dute Iturripen, urriaren 4an, 18:00etan. "Beste talde gogor bat da. Fisikoki indartsuak izateaz gain, talentua daukate eta defentsan ere sendoak dira. Gainera, aurreko denboraldiko bloke bera mantentzen dute, eta hori ere garrantzitsua da. Guk, hala ere, etxean jokatuko dugu eta hori, askotan, erabakigarria izaten da. Ikusiko dugu".

Sailkatuz gero, lauko finala jokatuko lukete arrasatearrek eta gero, ondo bidean, urriaren 17an hasiko dute denboraldia. Taldeari dagokionez, harrobitik pare bat jokalari igoko dira eta fitxaketa bat ere egin dute. "Beraz, gogor entrenatzen jarraitu behar dugu, erritmo berean, jokalariak maila ona erakusten ari direlako".

Denboraldi-aurre arraroa

Entrenatzaileek aitortu duenez, denboraldi-aurre arraroa izatean ari da. "Protokoloak jarraitu behar ditugu eta zaindu egin behar ditugu suertatu daitezkeen kasu positiboak ere. Beraz, ezohiko egoera honetan, normaltasunez ari gara", dio entrenatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak