Nola sortu zen Zerbimek?
2014an, Miguel Altuna institutura joan ginen laguntza eskatzera, eta, Urratsbat proiektuaren bitartez, Teknikaren laguntzaz, buruan geneukan negozio ideiari forma ematen hasi ginen. Teknikak tutore lanak egin zizkigun, jarraipena egiteaz gain. Ondorengo urteetan, gestio plan bat egin genuen, eta proiektua bideratzen hasi ginen. Gero, 2017ko martxoan sortu genuen enpresa, bost langilerekin. Gaur egun, hamazazpi gara.
Hazkunde nabarmena izan du enpresak, beraz.
Hala da. Inbertsioen eta langileen gorakada izan dugu. Azken hiru urte hauetan, barneko formakuntzaren aldeko apustua egin dugu, tailerreko formakuntza, batez ere. Oso lantalde gaztea daukagu, eta gehienak Lanbide Heziketatik etorritakoak dira. Nik neuk Miguel Altuna institutuan ikasi nuen, eta oso eskertuta nago handik eman didaten laguntzagatik. Modu berean, etengabe ikasten jarraitzeko eta lanerako gogo izugarria dute langileek, eta esango nuke enpresa honek daukan onena haiek direla; alegia, langileak, pertsonak.
Zein da zuen enpresa eredua?
Mekanizazio-tailer bat da, eta askotariko materialen mekanizazio zehatzen zerbitzua eskaintzen dugu, pieza unitario eta serie motzekoena. Halere, bezeroek dituzten beharretara egokitzen gara, eta, arlo horretan, konpetentziatik bereizten gara. Zerbitzua eta bezeroekiko harreman zuzena lehenesten ditugu, hori ezinbestekoa delako. Ahalik eta zerbitzu osoena eskaintzen dugu eta bezeroek transmititzen dizkiguten arazoei konponbidea ematen saiatzen gara. Halaber, kalitatean, prezioan eta epeetan hutsik ez egitean datza gure lana.
Pandemiak eragin duen krisiari aurre egiten ari zarete, gainera.
Bai. 2020ko martxoan, ziurgabetasun handia sortu zen, baina, ditugun bezero estrategiko batzuei esker, aurrera egin ahal izan dugu, eta, modu txikiagoan bada ere, hazten jarraitzen dugu oraindik. Hala, inbertsioei eta kontratazioei eustea lortu dugu.
Askotariko bezeroak dituzue, eta horrek ere errazten ditu gauzak.
Bai; dibertsifikatzen saiatzen gara, bezero baten edo biren menpe ez egoteko. Hori dela eta, bezero berrien bila ari gara une oro, eta hainbat enpresa forotan parte hartu izan dut horretarako; Garaia Parke Teknologikoko zenbaitetan eta Enpresaren, esaterako. Gure bezeroen %95 ingeniaritzari lotutakoak dira, sektore ezberdinetakoak: automobilgintza, elikadura, medikuntza eta aeronautika. Azken hau erabaki estrategiko bat izan da, eta, gaur egun jaisten ari den arren, uste dut sektore horrek hazkundea izango duela eta horrek guri lagunduko digula.
Nola dago egituratua Zerbimek?
Hasieran, Aretxabaletan geundenean, oraindik hazten zegoen enpresa eta ez genuen egiturarik eta baliabiderik. Orain, aldiz, enpresak egituraketa osoagoa dauka. Modu horretan, lau departamentu ditugu: administrazio eta kontabilitatearena, bulego teknikoarena, kalitatearena eta produkzioarena. Izan ere, merkatuak exijitzen digu egituraketa ordenatua edukitzea.
Epe ertainera ze helburu dituzue?
2021era begira, orain artekoari eusten jarraitzea da asmoa. Hau da, langileen formakuntzarekin eta makinen inbertsioarekin jarraituko dugu. Langileen %80k jasotzen dute formakuntzaren bat urtean zehar, gestio, kalitate, produkzio edota programazio sistemen ingurukoak, hain zuzen. Halaber, bailarako Lanbide Heziketa zentroekin ahalik eta gehien kolaboratzen jarraituko dugu, elkarlanak haiei zein guri egiten digulako mesede eta guretzat hori ezinbestekoa delako. Izan ere, enpresa honetako langile gehienak Miguel Altuna institututik datoz. Bestalde, orain arte moduan, bezeroen konfiantza ere funtsezkoa izango da hazten jarraitzeko.
Harremanetarako bideak
Helbide elektronikoa: zerbimek@zerbimek.com
Telefonoa: 943 08 03 66
Webgunea: www.zerbimek.com