Akrobazia onena etxean egiteko gogoarekin

Mireia Bikuña 2020ko ira. 18a, 13:00

Agurtzane Telleria, Gure Zirkuan akrobazia egiten

Agurtzane Telleria arrasatearra hilaren 25ean helduko da Arrasatera Gure Zirkuarekin. Orion jasotako babesaren ostean, arrakasta errepikatu gura dute. Hamabost saio egingo dituzte, urriaren 11ra bitartean, Arruena parkeko karpan.

2019ko abenduan jaso zuen Iker Galartzaren deia, Gure Zirkuaren denboraldi berriko kide izateko gonbidapenarekin. Ez zuen bitan pentsatu. "Ohituta nago ikastaroak ematera eta jendaurreko ikuskizunak egitera, baina zirkua beste gauza bat da: magia, sentimenduak, bizipenak, zoriontasuna...", esan du Agurtzane Telleria arrasatearrak.

Izan ere, bera da Gure Zirkuaren ikuskizuna posible egiten duen lantaldearen kideetako bat. Eta bere eginkizuna oihal-akrobaziak egitea da. Oihalak laztanduz askotariko akrobaziak eta jauziak egiten ditu karparen erdian. Zuzeneko musikaren laguntzarekin ikuskizun goxoa egiten du. Eta, bukatzerakoan, txalo zaparrada. "Asko eskertzen ditut txaloak. Baina ez bakarrik nire ikuskizuna bukatzen denean. Gure Zirkura datozen guztiak daude kultura gosez. Txalo egiten dute, baina kantuan eta dantzan ere bai. Oso deigarria da ikusleak maskararekin ikustea. Pena da euren irribarrea ezin dugula ikusi. Dena den, euren sentimenduak eta eskertzeak berdinberdin heltzen zaizkigu", dio Telleriak. Eta, karpa barruko harrera beroa bada, are beroagoa da kanpokoa. Musu eta besarkada barik, argazkiak izaten dira protagonistak kanpoaldean.

Berriro errepidera

Gure Zirkuaren 2020ko denboraldia maiatzaren 2an zen hastekoa, baina pandemiak plangintza aldatu beharra ekarri zuen. Ezjakintasunez betetako hilabete batzuen ostean, errepidera irteteko erabakia hartu zuten, eta "pozik" daude erabakiarekin. "Egia esan, zalantzak eduki genituen. Ez genekien nolako harrera jasoko genuen. Segurtasun protokoloak betetzen ditugun arren, azken hitza ikusleek dute. Orain artekoa ikusita, ezin gara kexatu. Hurrengo emanaldiak etxean egingo ditut, eta horrek urduri ipintzen nau. Baina gogotsu ere banago", dio.

Karpa handiago

Ikusleen arteko gutxieneko distantzia gorde ahal izateko eta edukiera berbera mantentzeko, karpa handiagoa dauka Gure Zirkuak. Protokoloak agintzen duen guztia betetzeko eta sarrera unean pilaketarik ez egoteko, garaiz joatea aholkatzen du Telleriak. "Ezin dugu sarrera bateratua egin. Taldeka sartuko da jendea, eta horiek ondo kokatu behar ditugu harmailetan. Horrenbestez, garaiz joatea da onena".

Sarrerak, salgai

Irailaren 25etik urriaren 11ra egingo dituzten emanaldietarako sarrerak salgai daude Sarrerak.gurezirkua.eus atarian. Oraingoz, hamabost daude iragarrita: irailaren 25ean, 19:00etan; irailaren 26an eta 27an, 12:00etan eta 18:00etan; urriaren 2an, 19:00etan; urriaren 3n eta 4an, 12:00etan eta 18:00etan; urriaren 9an, 19:00etan; eta urriaren 10ean eta 11n, 12:00etan eta 18:00etan. Emanaldi horietako erantzunaren arabera, akaso, emanaldi gehiago egingo dituzte.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak