Ludotekei agokienez, bihar irailak 18, guraso bilera egingo dute, bi txandatan: lehenengoa 18:00etan eta bigarrena 19:00etan. Bestetik, irailaren 21erako eta 22rako, berriz, ate irekiak antolatu dituzte, ludotekak ezagutu eta hezitzaileekin hitz egiteko, 16:30etik 19:30era. Horrez gain, hilaren 21etik 30era informazio puntuak ere jarriko dituzte hiru ludoteketan, 16:30etik 19:30era. Bukatzeko, izen-emateak 23tik 30era egin ahalko dira, aurrez aurre, 16:30etik 19:30era. Zerbitzua urriaren 12an hasiko da, 17:00etatik, 20:00etara.
Bestetik, gazte txokoen kasuan, orain arteko dinamikak egiteko helburuarekin, hilaren 21ean eta 22an kale behaketak egingo dituzte Txatxilipurdiko kideek, nerabeekin "lehen kontaktua" egiteko, eta 23tik 25era informazio puntuak egongo dira gazte txokoetan, 17:00etatik 19:00etara. Izena emateko azken eguna hilaren 30a izango da, eta urriaren 6a izango da San Andres, Musakola eta Erguingo gazte txokoen irekiera eguna. Erdiguneko gaztegunea, ostera, urriaren 9an irekiko dute.
Bestelako kontuak, ere bai
Udal zerbitzuez gain, Txatxilipurdi elkarteak bestelako egitasmoak ere egin nahi ditu ikasturtean zehar, eta dagoeneko lanean ari dira. Azaldu dutenez, sail bakoitza bere proiektuetan ari da burubelarri eta adibide gisa aurreratu dute Durangoko Azokarako prest egongo den liburu bat itzultzen ari direla komunikazio ez-bortitzaren inguruan. Gainera, kulturari dagokionez, herrietan ikuskizunak eta tailerrak egiten jarraitu nahi dute, eta baita herri hezitzailearen pedagogiaren inguruko saioak antolatzen ere, besteak beste. Funtsean, orain arteko bidea jarraitu nahi dute "ilusioz, gogoz eta sormenez" baina, betiere, egoerak eskatzen dituen neurriak betez. "Denok osasuntsu egoteko elkar zaindu beharko dugu eta elkarrekin aritu beharko dugu", gaineratu dute.