Umorea eta musika, kabaret estiloan batuta

Hasier Larrea 2020ko ira. 18a, 10:18
Iturria: Tartean Teatroa

'Simplicissimus' obra antzeztuko du tartean teatroak domeka honetan amaia antzokian, XX. mendean jazarriak izan ziren komikoei omenaldia eginez. Musikaren laguntzaz, antzezlanak umorearen mugez hausnartzeko gonbita egiten dio ikusleari

Umorea egiteko modu desberdinak azaleratzen dituen kabaret musikatuaz gozatzeko aukera egongo da domeka honetan, hilak 20, Amaia antzokian, 19:30ean hasita. XX. mendeko Alemanian kontzentrazio esparruetara bidaliak izan ziren kabaret antzezleen bizipenak oinarri hartzen dituen obra da Simplicissimus, nahiz eta asmoa ez den orduko erretratu bat irudikatzea, espazioaren eta denboraren mugak gainditzen dituen ikuskizuna eskaintzea baizik.

Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink komedianteei keinu egiten die antzerkiak. Zelatatuak eta jazarriak izango zirela jakitun, hortzak erakutsi zizkioten nazismoari, lubaki gisa ironiaz betetako umore politikoa baliatuz.

Hain zuzen, Patxo Telleria sortzaileari otu zitzaion antzezlan hau egiteko ideia, liburu bat irakurtzen ari zela: "Garai hartan, kabaret antzezle ugari giltzapetu zituzten kontzentrazio esparruetan, ezkertiarrak eta juduak zirelakoan. Umoregile haiek euren lana egiten jarraitu zuten bertan, modu txundigarrian: alde batetik, eurekin batera sufritzen ari zirenei eskainitako umorea egiten zuten, eta, bestetik, euren borreroak dibertitzeko umorea".

Hala, dikotomia horretatik tiraka, umorearen mugak aztertzen dituen antzezlana ondu du Patxo Telleriak, Jokin Oregi zuzendariarekin batera. Aktoreak Telleria bera, Olatz Ganboa eta Getari Etxegarai dira, eta Adrian Garcia de los Ojos musikari-aktoreak ere parte hartzen du. Jantziak eta eszenografia Ikerne Gimenezen esku egongo dira. "Zuzeneko musika, umorea eta drama maitasun handiz landu ditugu obra honetan; ikuslea antzerki duin baten aurrean dagoela konturatuko da, obrako elementu bakoitza mimo handiz zainduta baitago", adierazi du Patxo Telleria dramaturgoak.

Tituluaren esanahia

Hans Jakob Christoffel von Grimmelshausen-ek 1668an idatzi zuen nobela pikareskoa da Simplicius Simplicissimus, Alemanian 1618tik 1648ra izan zen hogeita hamar urteko gerraren izugarrikeriak umore klabean kontatzen dituena. Bestalde, bi gerra handien arteko kabaret baten izena ere izan zen.

Dagoeneko martxa hartuta

Lau hilabeteko lehortearen ostean, abuztuan itzuli ziren antzezleak taula gaineko ikuskizunetara. "Hasieran, normalean baino entsegu gehiago egin behar izan genituen, baina dagoeneko martxa ederra hartuta gaude", azaldu du Telleriak.

Gasteizko eta Araiako jaialdi banatan eta Mutrikun aurkeztu dute obra, normalitate berri honen baitan. Estreinaldia Bilboko Arriaga antzokian egin zuten joan den urteko azaroan, eta Oñatin ere eskaini zuten emanaldia pandemiaren aurretik. "Arrasaten martxoaren 15ean eman behar genuen; bigarren aukera hau ondo aprobetxatuko dugu, beraz", borobildu du.

Gehienez, 160 ikusle

Egungo testuingurura egokituz, edukiera mugatua izango du Amaia antzokiak, 160 pertsonakoa, hain zuzen. Musukoa derrigorrez erabili eta segurtasun distantziak errespetatu beharko dira. Sarrerak Arrasate.eus webgunean eta, soberan egonez gero, leihatilan eskuratu ahal izango dira, domeka arratsaldean zehar.

#56' ikuskizuna, irailaren 26an

Hurrengo zapatuan dantzari irekiko dizkio ateak Amaia antzokiak, Dantzaz konpainiak eszenaratuko duen #56 ikuskizunarekin. Hiru piezaz osatutako obra horrek Nazioarteko Koreografia Zentroan dauka jatorria eta Adriana Pousek zuzentzen du.Mugak muga, kulturaren aldeko apustuak aurrera segitzen du, beraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak