Aisialdi eragileen jarduerak ere, egoera berrira moldatuta

Xabi Gorostidi 2020ko ira. 11a, 10:06

Arlo horretako eragileak ikasturte berriari ekiteko gogoz daude, betiere, partaideen segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Kirol eta kultur arloetako eragile gehienek prest dituzte neurriak, horietako bederatziren atea jo du GOIENAk ikasturte berriari noiz eta nola ekingo dioten jakiteko; Txatxilipurdik, adibidez, datorren astean jakinaraziko ditu xehetasunak.

Ikasturte berriaren atarian asko hitz egin da ikastetxeek COVID19aren testuingurura egokitzeko hartu dituzten neurriei buruz. Baina ez dira bakarrak izan, gazteentzako aisialdi aukerak eskaintzen dituzten eragileak ere esfortzu handia egiten ari baitira egoera konplexu honetara egokitzeko.

Kultur taldeak

Arrasate Musikal

500 eta 600 ikasle artean dituzte eta aste honetan bertan hasi dira eskola presentzialekin. Ekainean hasi ziren banakako eskola presentzialak eta telematikoak uztartzen, eta orain, guzti-guztiak presentzialak izango dira. "Ikasleren bat kutsatu eta etxean isolatuz gero, bidea aztertuko genuke klase telematikoak egiteko", azaldu du Edorta Aiastui koordinatzaileak. Eraikinera sartzeko eta irteteko bi sarrera ezarri dituzte: ate nagusia eta Monterron aldeko sarrera. "Ikasleen erdiek sarbide bat erabiltzen dute eta beste erdiek, bestea".

Hurrengo astean abiatuko dituzte talde entseguak; asko jota, dozena bat lagunekoak. Bandaren kasuan, ia 60 lagun dira, eta San Frantzisko elizan edo La Merceden entseatzeko aukera aztertzen dabiltza.

Trikitixa Eskola

Urriko bigarren astean hasiko dute ikasturtea eta jada COVID-19aren kalte ekonomikoak igarri dituzte. "Iaz, 130 ikasle inguru genituen, eta aurten, utzi dutenak eta berriak kontuan hartuta, 110 eta 115 artean izango gara", azaldu du Maixa Lizarribar irakasleak.

Hona protokolo aldetik hartu dituzten neurrietako batzuk: eraikinean zehar oinez pasatzeko bideak markatu dituzte eta higienea zaintzeko gelak eta bestelakoak jarriko dituzte. Irakasleak ikasleen bila jaitsiko dira, eta horiekin batera egingo dute ikasgelarainoko bidea. "Gela handiak ditugunez, ez dugu arazorik distantziak mantentzeko, eta 10 eta 12 laguneko taldeak edukiko ditugu".

Txikitxu-Arrostaitz 

Dantza taldeak printzipioz ez du hasiera datarik zehaztu, egoera nahasiaren eraginez. "Txikitxu-Arrostaitzek momentu honetan 160 partaide ditu. COVID-19ak eragindako ezohiko egoera hau dela eta, erabaki dugu printzipioz dantza saioak bertan behera uztea. Urtero, Maritxu Kajoi egunaren ostean hasten ditugu entseguak, baina aurten, oraindik, ez dugu datarik zehaztu. Oso zaila egiten zaigu nola eta noiz hasiko ginatekeen aurreikustea, dantza saioak musukoarekin egin eta metro eta erdiko distantziak mantentzea ezinezkoa zaigulako. Osasun segurtasuna bermatzeko aukerarik ez dugun bitartean, ez gara hasiko, etengabeko kontaktu fisikoa eskatzen duen ekintza baita. Maskara eta distantzia kontuez gain, haurren artean materiala partekatzeko aukerarik ere ez dugu izango" azaldu dute.

"Honetaz gain, astelehenetik ostiralera arteko arratsalde guztiak orain arte ditugun taldeekin betetzen ditugu; beraz, ez daukagu inondik ere aukerarik partaide gutxiagoko taldeak egin eta guztiendako saioak eskaintzeko. Asteko egun, ordu eta espazioa guztiak beteta ditugu". 
 

Kirol taldeak

Mondra Futbol Taldea

Kirol eragileen artean, Mondra da gaztetxo gehien kudeatzen dituen eragilea: 15 urtetik beherako 170 partaide inguru dituzte klubean. Klubeko hiru talde nagusiek jada hasi dituzte entrenamenduak, eta eurekin protokolo zorrotza aplikatzen ari dira. Aste honetan gazte mailakoak gehitu zaizkie, hurrengoan kadeteak, eta hala joango dira alebin mailara arte. Protokoloak honako neurri hauek jasotzen ditu: futbolariak taldeka banatuta sartuko dira instalazioetara, maskarekin eta distantziak mantenduz, zelaira sartu aurretik harmailetan eseriko dira eta etxetik aldatuta ez datozenak bertan aldatuko dira, eta behin zelaira sartzean maskara erantziko dute futbolariek; entrenatzaileek, ordea, maskara jantzita izango dute. "Ahal den heinean, kontaktu fisiko gutxiko ariketak egiten ahalegintzen gara: paseak, zirkuitu fisikoak...", azaldu du Ander Romero arduradunak.

Ointxe!

Saskibaloi taldean, berriz, hasi dituzte federatuen entrenamenduak. Udako campusak ondo joan ziren eta orduko neurriak jarraitzen dabiltza. Neurri berriak ere gehitu dituzte, eta monitoreek protokoloetako online formakuntza jasoko dute. Federatu gabeko 150 jokalari inguru dituzte, eta horiekin urriaren 1ean entrenatzen hastea aurreikusten dute. "Hauek ez dute lehiaketarik izango urtarrilera arte, baina urritik aurrera entrenatzen hasteko aurreikuspena dugu", azaldu du Iñaki Ogara Arri entrenatzaileak.

Pilota Taldea

Pilota taldean ere urriaren 1ean hasteko esperantza dute. Federatuek entrenatzeko baimena dute, baina Arrasateko Eskolan ez dago gazte federaturik; ez dago kadete mailako pilotaririk, benjamin, alebin eta infantil mailako pilotari baitituzte –32 inguru–. Hala, Eskola Kirolaren araudiaren menpe daude, eta Aldundiaren erabakiaren zain daude, batez ere, pilota kontaktu fisikorik gabeko kirol bezala katalogatzen duten jakiteko. Hala balitz, urriaren 1ean hasiko lituzkete entrenamenduak, eta urtarrilera arte ez dute lehiaketarik jokatuko.   

Igeriketa taldea

"Igeriketa ikastaroak, beti ere egoerak laguntzen baldin badu, urritik aurrera hasiko dira. Instalazioaren kudeaketan aplikatu beharreko hainbat baldintzek hauen hasiera eta garapena baldintzatuko dute: edukieren murrizketak, distantzia mantendu beharra, talde dinamika…" azaldu dute Udaleko Kirol Saileko arduradunek. "Kiroldegian oro har hainbat neurri hartu dira COVID-19ak eragindako egoera eta arauetara egokitzeko. Garrantzitsuenak dira: gel dispentsadoreak eskuragarri jartzea, instalazioaren garbiketa eta desinfekzioak areagotzea, igerileku eta aldagelen edukierak murriztea eta erabiltzaileen arteko segurtasun distantziak betetzeko neurriak hartzea. Aurreko urtean 220 haur inguru izan ditugu ikastaroetan. Aurtengoan izen-ematea zabalik dago eta guraso asko animatu da umea apuntatzera. Seguruena kopuruak behera egingo duela baina udaletik, ditugun baliabideak modurik egokienean kudeatuz, ahal den ume gehienen beharra asetzera heldu nahiko genuke".

Errugbia

Datorren astetik aurrera hasi nahi dute 16 urtetik beherakoekin. "Arrasate Errugbi Taldeko senior eta gazte mailako taldeak lanean dira jada.  Lehen taldeko entrenatzaile eta klubeko kirol zuzendari Julen Barrutiak adierazitakoaren arabera, litekeena da datorren astean 16 urtez azpikoak ere entrenatzen hastea, halere, hori oraindik erabakitzeke dago.  Aitzitik, agintarien aldetik baimena jaso ezean berdegunera salto egingo ez dutenak Errugbi Eskolako neska-mutikoak izango dira" azaldu dute klubetik.

Aikido

Haurrak irailaren 14an hasiko dira, astelehen eta eguaztenetan, 18:00etatik 19:00etara. Nagusiki psikomotrizitate eta meditazio ariketak egingo dituzte, kontaktu fisiko gutxitze aldera. Gelak aireztatuko dituzte uneoro, tenperatura hartuko diete partaideei, eta hauek maskara jantzi eta eskuak garbitu beharko dituzte. Kontaktu fisikoko jarduerak eginez gero, maskararekin eta eskularruekin egingo dituzte. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak