Ikastaroak eta bestelako ekimenak batzen dituen egitaraua aurkeztu du Emakume Txokoak

Uxue Igarza Loiola 2020ko ira. 10a, 13:54

Pandemia dela-eta bertan behera geratu ziren ikastaroez gain, Jabetze Eskolen baitako saio berriak aurkeztu ditu Arrasateko Emakume Txokoak. Irailaren 21ean zabalduko da izen-ematea eta 25ean amaituko da.

Urritik abendura artean egingo dituzten jardueren aurkezpena egin du Emakume Txokoak. Askotariko ikastaroak antolatuko dituzte, eta bertan behera geratu zirenei ere jarraipena emango zaie. Berrartuko direnak izango dira: zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, mindfulness ikastaroa, mekanika ikastaroa, jendaurrean hitz egiteko ikastaroa eta "gorputzak eta disidentziak klabe deskolonial eta transfeministatik" tailerra.

Bestetik, ikastaro berriei dagokienez,  askotariko eskolak prestatu dituzte, betiere emakumeak "haien eskubideen jabe egiteko" eta "sareak sortzeko" helburuarekin. Bestetik, jakinarazi dute COVID-19ari aurre egiteko segurtasuna bermatuko dela, eta "denak gustura sentitzeko" neurriak hartuko dituztela.

Sei proposamen berri

Antolatzaileen esanetan, ikastaro berriak hiru multzotan sailka daitezke: osasuna eta gorputza batetik, aisialdia, kultura eta sormena bestetik, eta  bukatzeko, feminismoa. Izen-ematea irailaren 21ean zabalduko da eta 25ean amaituko da, eta ikastaro bakoitzak matrikula-tasa desberdinak ditu; Emakume Txokoan eman behar da izena (bertara joanda, e-mailez edo telefonoz).

Boxeo ikastaroa

Astelehenetan izango da, urriaren 5etik aurrera, euskaraz, 18:30etatik 19:30etara. Zortzi saio izango ditu guztira eta adierazi dutenez, ikastaroaren helburua emakumeak "indartsu" sentitzea da, abiadura, koordinazioa eta indarra landuz.

Autoestimua eta ahalduntza ikastaroa 

Urriaren 6tik aurrera ekingo diote, eta gaztelaniaz izango da: martitzenetan, 18:00etatik 20:00etara. Hamar saio izango ditu guztira. "Tailer honek gune bat izan nahi du Covid-19aren krisi honetan bizi izan duguna partekatzeko, gertatutakoa ulertzeko, kausak aztertzeko eta nahi dugun mundua irudikatzeko", azaldu dute.

Chi Kung ikastaroa

Gorputzarekin "berriro konektatzea" bilatzen du ikastaro honek, azaldu dutenez, bizi energia areagotzea, estresa gutxitzea, gorputz egitura hobetzea eta emozioak orekatzen laguntzea lortu nahi da. Eguenetan izango da, euskaraz eta gaztelaniaz, 10:00etatik 11:30etara. Urriaren 8an emango zaio hasiera eta hamar saio izango ditu guztira.

"Zaindu eta maitatu zure gorputza"

Gaztelaniaz izango da egubakoitzetan 10:00etatik 11:30etara, urriaren 9an hasita. "Ikastaro honen bidez gune bat eskaintzen dizugu geure burua zaintzeko eta goxatzeko", esan dute. Arnasketa ariketak, meditazioa, luzaketak eta bestelako ariketak egingo dira Yoga eta Feldenkrais tekniken bidez.

Sormen tailerra 

Sormen tailerra urriaren 6an hasiko da eta 10 saio izango ditu: martitzenetan, 18:15etatik 20:15etara. Besteak beste, idazmena, marrazketa edota collagea bezalako teknikak erabiliz, emozio bilduma bat sortu nahi dute.

Teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa 

Sare eta teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa, berriz, gaztelaniaz izango da, 10:00etatik 13:00etara, urriaren 17an. "Genero arrakala digitalari aurre egiteko, komunikazio digitalean trebatzeko baliabideak ahalik eta egokien erabiltzen ikastea da ikastaroaren helburua", azaldu dute.

Gune iraunkorrak, bestelako helburuekin

Jabetze Eskolako ikastaroez gain, gune "iraunkor eta feministak" sortzeko helburuz, bestelako proposamenak egin ditu Emakume Txokoak. Alde batetik, amatasunaren inguruan hausnartzeko gunea eratu nahi dute: hiru saio izango ditu (urriak 31, azaroak 28 eta abenduak 12) eta euskaraz izango da, 10:00etatik 13:00etara. Bestetik, Arrasaten bizi diren emakume etorkinak elkartzeko xedez, domeketan jarriko dute hitzordua 10:00etatik 13:00; Luciana Alfaro izango da dinamizatzailea. Eta hirugarren gunea irakurketa feministen txokoa izenekoa izango da.

Bestelako ekintzak Emakume Txokoan

Urriaren 15ean, Malen etxea. Zaintzaren esklabo dokumentalaren emanaldia eta solasaldia egingo da Kulturateko Areto Nagusian, 18:30ean, eta 29an, Zinegoak Hedapena film laburraren emanaldia egingo dute toki berean, 19:00etan.

Bestetik, azaroaren 25era begira,  ekintzak egingo direla aurreratu dute, eta abenduan Mabel Medina Valenzuelaren Complicidades argazki erakusketa egongo dela ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak