Alde zaharrean zuntz optikoa urrirako egongo dela aurreikusten du Arrasateko Udalak

Uxue Igarza Loiola 2020ko ira. 4a, 13:12

Aspalditik zegoen "premiari" irtenbidea emango zaiola azaldu du Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak. Operadoreak irrati frekuentzia bidezko zuntza eskainiko du, eta alde zaharreko bizilagunez gain, gainerako herritarrek ere kontratatu ahal izango dute.

Udalak aurreikusten duenez, alde zaharrean zuntz optikoa kontratatu ahal izango dute bizilagunek, urrian. Orain arte, arrakala digitala "arazoa" izan dela azaldu dute Maria Ubarretxena alkateak eta Jon Araiz Ibai-arte merkataritza elkarteko arduradunak, izan ere, orain arte operadoreak ez dira prest agertu alde zaharrean zuntz optikoa jartzeko.

Alde zaharra monumentu historiko izendatuta dagoela-eta, arau zorrotzak bete behar dira, eta adibidez, ezin da kablerik jarri fatxadetan. Hala, zuntz optikoa ezartzeko, lurpetik egin behar zen instalazioa, eta alkatearen esanetan, enpresak ez dira "inbertsio hori" egiteko prest agertu. GESTEL enpresak azaldu duenez, ordea, aire bidez igortzen du zuntza, eta Ubarretxenak dio baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ibai-arte merkataritza elkarteak egin zion proposamena Udalari, eta hilaren 1ean egin zuten lehenengo bilera enpresarekin.

Internet, irrati frekuentziaz

Enpresako ordezkarien esanetan irrati frekuentziaz eskaintzen dute Internet, horrela, "zuntza iristen ez den eremuetara iritsiz". Instalazioari dagokionez, antena bat jarriko dute Kontzeziñoren ur biltegian, eta bezeroak bizi diren eraikinetan, telebistaren antenari lotuko dioten aparatua jarriko dute. Seinalea muturretik muturrera iristen dela azaldu dute, eta uhinek ez dituztela gorputzak zeharkatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak