Kanpanzarren hirugarren erreia egitea onartu dute

Jone Olabarria 2020ko ira. 4a, 10:47

Hirugarren erreia egiteko lanek 1.700.406 euroko aurrekontua dute eta lanen iraupena 13 hilabetekoa izatea aurreikusten du bizkaiko Foru aldundiak. Gipuzkoa eta Bizkaia batzen dituen errepidean trafikoa bizkortzea da lanen helburua

Elorriotik Kanpanzarrera doan bidean, N-636 errepidean, beste errei bat egiteko aurrekontua onartu du, behin betiko, Bizkaiko Foru Aldundiak. Elorriotik Kanpanzarrera igotzeko errepide tartean egitea aurreikusten dute hirugarren erreia, 35,800 eta 36,620 puntu kilometrikoen artean, hain zuzen ere. Hala, 3,50 metroko zabalerako hiru errei izango ditu errepideak 800 bat metroko tarte batean, eta elkarren artetik metro erdiko distantziak bereiziko ditu. Zehazki, igotzeko bi errei izango ditu mendateak –Arrasaterako no-ranzkoan– eta jaisteko, aldiz, bakarra.

13 hilabetean egiteko lana

Kanpanzarren hirugarren erreia egiteko interesa zuten enpresek euren proposamenak Aldundiari aurkeztu ostean, proiektuak aztertu eta esleipen fasea hasi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Zehaztutakoaren arabera, 13 hilabete iraungo dute lanek, eta 1.700.406,01 euroko aurrekontua onartu dute, BEZa barne. Beasain eta Durango arteko ardatza errepide azkarra izan dadin azken 25 urteetan Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak, zatika, egiten aritu diren lanen baitan egingo dute hirugarren erreia Kanpanzarren ere. Ingurume-nari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldunditik zehaztu dute hirugarren errei hori egiteak ez duela kalte "esanguratsurik" ekarriko.

Trafikoa azkartzea helburu

Errepide horretan goizean sortzen diren auto-ilarei eta kamioiek eragindako zirkulazio motelari aurre egiteko neurria da honako hau, Bizkai Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Izan ere, Kanpanzarko mendateak lotzen ditu Elorrio eta Arrasate –hau da, Bizkaia eta Gipuzkoa–, errepide motela da, zirkulazio handia izaten duelako, eta, erre-pidearen beraren ezaugarriei dagokienez, makurra eta bihur-gune askokoa da orokorrean.

Aldunditik emandako datuen arabera, batez beste, guztira, 6.242 auto igarotzen dira mendatetik egunero. Goizeko zortziak eta hamarrak artean igarotzen dira ibilgailu gehien –egunean igarotzen direnen %20–, eta, sarritan, auto-ilarak sortzen dira. Bertatik igarotzen diren ibilgailuetako asko karga handiko kamioiak izaten dira, gainera –ibilgailu guztien %17–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak