San Balerio ermita

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ira. 3a, 20:21

Meatzerreka auzoko San Balerio ermitako erretaula nagusia.

Erretaulari hiru buelta emanez gero urte osorako buruko mina usatzen dela dio Meatzerrekako elizako errituak.

Urtarrilaren 29an ospatzen da San Balerio eguna. Egun handia Arrasateko Meatzerreka auzoan. Hango ermitan San Balerio jaiak ospatzen dituzte. Arrasatekoa Euskal Herriko Balerio bakarra izan ei zen. “Galarrako edo San Balerio koba daukagu hemen. Huesca aldean, Roda de Isabena herritik gertu badago beste kobazulo bat San Balerio izena duena. Bestalde, Bierzo aldean bazegoen beste Balerio bat. Azken hori, VI. mendean, meatzariak kobazuloan sartzeko, kobaz koba joaten zen han bizi ziren espirituak usatzera”, azaldu du Arantza Otadui historia-lariak.

Arrasateko San Balerio ermita Galarrako koban lan egiten zuten meatzarien kofradiako egoitza izan zen. “Kofradiaren idatzizko lehen arauak XV. mendekoak dira, eta horietan zehazten da txintxo portatzen ez ziren meatzariek ermita eraikitzeko lanak ordaintzeko dirua ipini behar zutela. Horregatik, badakigu Meatzerrekako San Balerio ermita XV. edo XVI. mendekoa izan daitekeela. Horrek ez du esan nahi aurretik beste elizarik egon ez zenik. Akaso, beste tenplu xumeago bat egon zen aurretik: txikiagoa, egurrezkoa...”, dio Otaduik.

Galarrako koban lan egiten zuten meatzarien kofradiako egoitza izan zen

Bitxikeria ugari

San Balerio ermitaren inguruan badaude bitxikeria edo kontakizun berezi batzuk. Arrasateko XVI. mendeko historia ezagutzeko ezinbestekoa den Esteban Garibaik bi bitxikeria aipatzen zituen: alde batetik, Calahorra La Calzadako gotzaina Galarra koban egon zela; eta beste alde batetik, latinezko inskripzioa zuen harriaren kontra buruarekin jotzeko erritua. “Gotzaina sasi-indusketak egiteko asmoz egon zen, San Baleriok babes leku moduan erabilitako koba topatzeko”, azpimarratu du historialariak.

Arku puntuzko sabaia du ermitak.

Buruko minak kentzeko erritua

Harriaren kontra hiru aldiz jotzeko errituak urte guztirako buruko mina usatzeko balio zuen. “Harri hori Cuencako aztarnategi arkeologikoen museoan dago. Duela urte batzuk topatu zuen Alacanteko Unibertsitateko katedradun Juan Manuel Abascalek. Inskripzioak dio Balerio Tiro delakoa Dialcus jainko paganoaren jarraitzaile zela. Inkisizioarendako errito herejea zen. Hori horrela, harria lurperatu egin zuten, Vargas Poncek topatu zuen arte”, kontatu du.

Inkisizioarendako errito herejea zenez, harria lurperatu egin zuten

Buruko mina usatzeko errituak elizan uzten zuen diru laguntzak ez galtzeko, harriaren ordez beste elementu bitxi bat ipini zuten: atzetik pasatzeko aukera ematen duen erretaula. “San Balerio jaietatako mezaren ostean, erlojuaren kontrako noranzkoan hiru buelta ematen dizkiote aldareko erretaulari buruko minak usatzeko".

Eraberritzea

1980ko hamarkadan berritu zen San Balerio ermita, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntzarekin, baina aurretik izan zituen beste zaharberritze batzuk ere. “XIX. mendean atzeko koroa ipini zioten. Bestalde, 1820ko hamarkadan erretaula margotu zuten eta beste hainbat berritze lan egin zituzten. 1990ko hamarkadaren hasieran elizaren gangak erori egin ziren, eta eraikina egonkor mantentzeko berriak egin zituzten”, esan du.

Eraberritze prozesu hartan, gangek zituzten jatorrizko pinturak azalean geratu ziren eta egun ere agerian daude. “Forma geometrikoak eta loreak ikus daitezke. Burgosko eta Enkarterrietako beste hainbat elizatan ere halako irudiak daude. Akaso, pertsona berberak egindako lanak dira. Ez dakigu jatorrizkoak nork egin zituen, baina badaki-gu Amador eta Alfontso delakoek eraberritu zituztela. Kapitelean euren sinadurak eta urtea utzi zituzten: 1986. urtean berriztu zituzten. Oso ohikoa zen eta da zaharberritze lanak egiterakoan sinadurak uztea”, adierazi du Otaduik.

Meatzerrekako San Balerio ermita. Argazkia: Arrasate.eus

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak