Arrasateko hiribildua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ira. 2a, 21:26

Arrasateko Portaloiko atea. Argazkia: Euskadi.eus

Erdi Arokoa da, arrautza forma du eta bost ate nagusi zituen; gaur egun hiru bakarrik daude ikusgai: Portaloia, Kontzesinoko atea eta zurgin kantoikoa.

Gaztelako errege Alfontso X.ak hiri-gutuna eman zion 1260ko maiatzaren 15ean Arrasateri. Hiru kale eta kantoi baten inguruan antolatu zen: Iturriotz, Aroz –egungo Ferrerias– eta Erdiko kaleak, eta Zurgin kantoia. “Arrautza itxura dauka Arrasateko hiribilduak. Paraje menditsuetan zeuden herriek zuten ohiko forma dauka. Erdi Arokoa. Paraje lauetan zeuden herriek itxura karratua zuten”, esan du Ana Ugalde historialariak

Arrasateko alde zaharrera sartzeko bost ate zeuden, eta daude. Batzuk ezkutatuta. “Zurgin kantoikoa, Portaloikoa eta Kontzesinoko atea dira ikusgai daudenak. Bazegoen beste ate txikiago bat, estu-estua zena, gainera, Olarte kantoian. Errekara ematen zuen”, esan du Ugaldek.

Kontzesinoko atea. Argazkia: Turismodebagoiena.eus

Harresia

1353. urterako eginda zegoen Arrasateko alde zaharra inguratzen zuen harresia. “Inguruko elizateak gogaitua zeuden jauntxoen agintaritzarekin, eta Arrasateko parte izan gura zutela erabaki zuten. Orduko dokumentuetan jasotzen da elizateetako bizilagunak hiribildutik irten gura bazuten diru ekarpena egin behar zutela, harresia konpontzeko bideratuko zena”, azpimarratu du.

Arrasateko harresiak badauka ezaugarri berezi bat: harlanduak lauki luzeak dira.” Hargin lan ona egin zuten. Gure arbasoek egindako talde-lan itzela. Eta euren izaera markatuta geratu zen harlanduetan”, dio Ugaldek. Erdi Aroko harresiaren arrastoak ikusgai daude oraindik ere. Besteak beste, Olarte kalean.

Ordurako hiribilduaren inguruan zeuden hainbat herrixka –Garagartza, Udala, Uribarri, Oleaga...– bere kontrolpean geratu ziren. Horrela, Arrasateko udalerriaren mugak egun ezagutzen diren bezala zehazten joan ziren.

Alde zaharra sailka antolatu zuten: zortzi pauso luzeran eta hamabi zabaleran

Kaleak eta karrikak

Bermeek eta pribilegioek babesturik, merkataritzaren eta garraioen etekinei esker, oihanen eta burdinolen ustiapenetik ateratzen ziren irabazien bitartez, Arrasate hiri-gunea eratu eta hazi zen. Kaleez eta karrikez aparte, harresien arteko espazioa orubeek betetzen zuten. Hasieran, tamaina berekoak. “Sail bakoitzak zortzi pauso luze zituen luzeran eta hamabi pauso zabaleran. Batzuetan, sailak bitan banatzen ziren. Bestalde, aberatsek sail eta erdi hartzen zuten. Horren adibide da Herriko Plazan dagoen Andikano-Loiola jauregia. Ferrerias eta Iturriotz kaleetako hainbat puntutan oso garbi ikus daiteke hiribildua nola antolatu zen”, azaldu du historialariak. 

Zabaldu eta itxi

Hiribilduan sartzeko bost ate zeuden. Horiek goizetan zabaltzen zituzten eta gauetan itxi. Egunero. Sutea zegoenean itxita egoten ziren, hango bizilagunek sua itzaltzen laguntzeko. “Arrasate askotan erre zen, baina sute gogorrena 1448an izan zen. Bandoen arteko liskarretan su eman, eta orduko dokumentuek dio-te parrokiako organoa ere erre zela”, gogora ekarri du Ugaldek.

Erreketa gogor haren ostean, berriro antolatu behar izan zuten hiribildua, eta sailak hartu zituzten oinarri. “1489an ordenantzak egin zituzten herria ondo antolatzeko eta suteak saihesteko”.

Ordenantza hark aurreikusten zuen sail batetik bestera harrizko horma bat egin behar zela, etxe baten sutea egonez gero ondokora ez pasatzeko. Bestalde, kalearen zabaleraren neurria mantendu egin behar zela zioen. “Baina, etxeak zabalago egiteko, lehenengo solairutik gora, solairu bakoitzean, kaleari ukalondo erdia jateko aukera zegoen. Betiere, kalearen zabalera errespetatuz”.

Ospitale bi

Hiribilduko ateetako bat Beheko Portala edo Portaloia izan zen. Inguruan, errabalik eta bizitza publiko handiena izan zituena. Han zeuden Madalena eta San Lazaro ospitaleak. Azken horretan, legenarra (lepra) zutenak hartzen zituzten. “Horiek biak Kalebarrenean zeuden. Madalena eta Errabala berbak elkartuta, Maalako Errabala izena hartu zuen kaleak”, dio.

Harresiaren horma aprobetxatuz pilotalekua egin zuten XVIII. mendean. “Arrasatearrek jokorako erabiltzen zuten. Ostean, Zaldibarkoa egin zuten”. 

San Frantzisko komentua eta Seber Altube plaza dira orduko hiribilduaren beste elementuetako batzuk. “Arrasaten izan genuen inguruko herrietako berdura plazarik ederrena. Pariskoaren tankera berbera zuen: kristalezkoa eta burdinazkoa. Pedro Biterik herriari oparitutakoa”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak