Ivan Velasco: "Ziklistek ondo hartzen dituzte egiten dizkiedan proposamenak"

Xabier Urtzelai 2020ko uzt. 27a, 11:28

Ivan Velasco, Astana taldeko teknikaria, test egun batean. Argazkia: Astana team.

Ivan Velascorendako (Arrasate, 1980) hirugarren denboraldia da Astana taldeko teknikari. Materiala aztertzearekin batera etapetako nondik norakoak jakiteaz arduratzen da, eta, bereziki, erlojupekoetarako taldea ondo prestatzeaz. Lan horrek iaz emaitza nabarmenak eman zituen. Espainiako Vueltan, esaterako, taldekako erlojupekoa irabazi zuten. Bihar, hilak 28, Burgosko Itzuliko irteera puntuan izango dira. 

 

Burgosen lasterketetara itzuli aurretik Granadan izan zara taldearekin prestaketa lanetan. Eta uztail erdian Gipuzkoako Federazioak antolatutako teknifikazio saioan izan zinen. Zer moduz joan zen?

Oso ondo. Saio teorikoa izan zen, gazte mailako ziklistak ziren eta helburua zen erlojupekoaren gaineko teknifikazio saioa egitea. Baina, horra iritsi aurretik, oinarrizkoak diren ezagupenen gainean egon ginen berbertan, erlojupekoetan garrantzi handia dutenak: aerodinamika, pisuaren eta potentziaren arteko oreka, grabitatearen indarra... Askotan, gazteak material garestia erostera joaten dira, baina jakintza handi barik, eta garrantzitsua da irizpide propioa izatea, ikus dezatela ezaugarri konkretudun kasko jakin bat erostea benetan merezi duen ala ez. Pozik itzuli nintzen etxera, interesa erakutsi zuten eta egin zizkidaten galderak zentzuzkoak ziren; gai horietaz uste duguna baino gehiago dakitela ikusi nuen.

Ziklista gazteez ari gara, baina gaur egungo profesionalak arduratzen dira halako kontuez ala teknikarien esku uzten dute dena?

Denetarik dago. Badira interes handia erakusten dutenak; esaterako, Ion Izagirre edo Jakob Fuglsang. Eta beste askok gure esku uzten dute lan hori. Hain zuzen, horretarako gaude gu; izan ere, teknikariok gaur egun datu mordoa batzen ditugu, eta gure lana da datu horiek interpretatzea eta hobekuntzak proposatzea. Ezin ditugu ziklisten esku utzi datu horiek guztiak, zoratu egingo lirateke, ito.

Matematiketatik geroago eta gertuago dago egungo txirrindularitza, horrenbestez.

Zalantza barik. Ziklista batek ez badu motibo konkretu batengatik egun txar bat izaten, esaterako, ez duelako atseden ondo hartu, egun horretan izango duen kirol errendimendua aurreikusi genezake. Esaterako, badakigu erlojupekoan momentu bakoitzean zenbat watt mugituko dituen, badakigu ze abiaduratan joango den, zelan hartu behar duen bihurgune bakoitza, eta, taldeko nutrizionistekin hartu-eman zuzena dugunez, badakite etapa horretarako ze elikadura beharko duen, gramotan neurtzeraino. Dena oso-oso neurtuta izaten dugu.

Velasco, erlojupekoko bizikletari neurria hartzen. Argazkia: Astana.

Bereziki erlojupekoetan taldearekin egin duzun lanak emaitza nabarmenak eman zituen iaz.

Seguruenik, Espainiako Itzulian irabazitako erlojupekoa izan zen punturik gorenena. Dena geneukan ondo neurtuta, erlojupekoko ibilbidea, pacing-a –tramu bakoitzeko erritmoak neurtzea–, nork egin behar zuen tira noraino, erreleboen ordena... Ordura arte, Astana ez zen erlojupekoetan nabarmentzen zen taldea, eta iaz ziklista asko izan genituen hamar onenen artean. Neguan lan handia egin genuen belodromoan, materiala probatzen, aerodinamika hobetzen, eta, besteak beste, bizikleta gaineko posturak zuzentzen. Ziklista askok aurrerapauso nabarmenak eman zituzten. Esaterako, Pello Bilbaok.

Ziklistek zelan hartzen dituzte zure proposamenak?

Ez dut arazorik izaten, eurak ere segituan jabetzen direlako aldaketa txiki bakoitzak ze abantaila ematen dien. Gurpil batzuk egokiak direla ikusten badut, eurak ere segituan jabetzen dira, sentsibilitate handia izaten dutelako bizikleta gainean. Entrenatzaileek izaten dute zailago, metodologia konkretu bat jarraituta lan egitera ohituta dagoen ziklistak ez ditu aldaketak erraz onartzen. Momentuan bertan ikusten dute nire proposamenak balekoak diren edo ez; entrenamendu berri baten onurak hilabeteetara ikusten dira, zailagoa da konbentzitzea.

Geroago eta gertuago daude lasterketak, eta COVID-19agatik dauden zalantzak ere hazi egin dira.

Egia esango dizut, erabat deskonektatuta nago hemen, emazteak kontatzen dizkit telefonoz gorabehera horiek, baina burbuila batean gaude. Guk oso protokolo zorrotza dugu, taldea zatituta dugu, Italian daude batzuk, eta Sierra Nevadan egon gara besteak. Sierra Nevadan egon garenok Burgosen itzuliko gara lasterketetara. Badakigu gutako inor kutsatzen bada inguruan lau edo bost lagun erraz kutsa daitezkeela, hortan, zorroztasun handiarekin gabiltza.

Ze helburu duzue?

Astanak itzuli handietan jartzen du indarra, baina astebeteko lasterketetan edo egun bateko lasterketetan ere oso lan txukuna egiteko moduko ziklistak ditugu. Giroan Jakob Fulgsang izango da liderra, eta Tourrean Superman Lopez izango da gure gizon indartsua. Baina esandako moduan, taldean jende oso ona dugu bestelako lasterketetan edo itzuli txikietan aurrean ibiltzeko.    

Denboraldi ezohikoa izango da.

Topera hasiko dira denak, ez dago-eta bizpahiru sasoi puntu hartzeko tarterik. Txarto hasten denak nekez izango du urtea zuzentzeko aukera. Sierra Nevadan gaudenak Burgosen hasiko gara lehian, hilaren 28an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak